INFO

Itziar Moreno aske da, ia hamabi urtetako espetxealdia gaindituta

Itziar Moreno, erdian, senide eta lagunekin, Zaballako hormak zeharkatu ostean. (Etxerat)

Itziar Moreno Martinez euskal presoa aske atera da ostiral honetan Zaballako espetxetik, hamaika urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra beteta, gehiena Estatu frantsesean. Senide eta lagunak izan ditu zain; presoak etxeratzearen aldeko ikur berria erakutsi dute, bai eta ikurriña eta Nafarroako ikurra ere.

Croze herrian atxilotu zuten 2011. urteko apirilean, Gendarmeriarekin izandako talka baten ostean. Oier Gomez Mielgorekin batera zihoan Itziar Moreno; 2019. urtean hilko zen Gomez, gaixotasun baten ondorioz.
Beste pasarte gogor bat jasan du Itziar Morenok kartzelaldi honetan zehar; iazko uztailean, Rennesera bera bisitatzera zihoan lagun batek istripu gogorra izan zuen bidean. Autoa erabat hondatuta gelditu zen eta emakumea erietxera eraman behar izan zuten. Bertan gau batez ingresaturik izan zen.

Rennesera eraman aurretik Roanneko espetxean izan zuten preso Itziar Moreno. Parisek ezarritakoa bete ostean, pasa den abuztuan Espainiaratua izan zen. Lehenik Alcalan eta gero Zaballan egon da espetxeraturik. Lekualdatze hau iragarri zuenean, zigorraren hiru laurdenak 2019. urtetik gaindituta zuela aipatu zuen Espainiako Gobernuko Espetxe Zuzendaritzak.

Orain Estatu frantsesean ezarritako zigorra bete du. Auzitegi Nazionalean bi auzi irekita ditu; hauengatik baldintzapeko askatasun egoeran da.

Lau, Leonetik Zaballara

Halaber, Etxeratek jakinarazi du Leongo Mansilla espetxean (370 kilometrora) preso ziren Jesus Mari Etxeberria Garaikoetxea errenteriarra, Fernando Garcia Jodra bilbotarra, Fernando Elejalde Tapis donostiarra eta Iñaki Krutxaga Elezkano galdakoztarra Zaballako kartzelan daudela jada.

Lekualdatze hauekin, Leongo espetxean ez da euskal presorik geratzen.