INFO

Jostailuen arriskuekin lotutako alertak bikoiztu egin dira urtebetean

Jostailuen arriskuekin lotutako 291 alerta igorri zituzten 2022an Estatu espainiarreko kontsumo agintariek. Aurreko urtean baino kasik %50 gehiago izan ziren, peluxe, mozorro, plastikozko panpina eta bentosadun gezien ingurukoak.

Eguberritako jostailuekin gozatzen ari dira haurrak data hauetan. (Rawpixel | iStockphoto)

Jostailuen arriskuekin lotutako alertak bikoiztu egin dira urtebetean. 2022an, 291 alerta igorri zituzten Estatu espainiarreko kontsumo agintariek, 2021ean baino ia %50 gehiago. Horiei Europar Batasunak ezarritakoak gehitu behar zaizkie, beste 487 (2021ean baino %14,5 gehiago). Orotara, 784 alerta zabaldu ziren, hortaz, jostailuen arriskuez ohartaraziz.

Kontsumitzaileen babesleek Efe agentziari azaldu diotenez, kontrol kanpainak ugaritu dira, eta horrek ekarri du alertak ere gehitzea. Haurtzaroan izaten den zaurgarritasun egoera berezia dela-eta, arretaz zaindu beharreko lehentasunezko sektorea da, izan ere, jostailuena.

Asfixia da arrisku nagusia

Jostailuen arriskuak askotarikoak dira, baina nagusia asfixia da. Gailu batzuk 3 urtetik beherakoei zuzenduak daude baina pieza txikiak dituzte, ahora eraman eta arnasbideak trabatu ditzaketenak.

Beste batzuek zauriak eragin ditzakete, adibidez, begietara jaurti daitezkeelako, edo belarriak kaltetu ditzaketelako gehiegizko zarataren ondorioz. Kutsadura kimikoa ere sor dezakete, haurrentzako arriskutsuak diren substantziak dituztelako kantitate desegokian. Gai horien artean ftalatoak nabarmentzen dira.

Gehigarri kimiko horiek kaltegarriak dira ugalkortasun sistemarentzat ere. Plastikozko jostailuetan egon daitezke, malgutasuna handitzeko erabiltzen direlako, eta biberoien tetinetan ere bai.

Txikientzat mingarria izan daitekeen beste substantzia bat boroa da, eskuekin moldatzeko masilletan egon daitekeena.

Peluxeetatik mozorroetara

Honakoak dira alerta gehien dituzten jostailuak: peluxeak, pieza txikiak izan ditzaketelako; plastikozko panpinak, ftalato kopuru handia izateagatik; jaurtigailuak edo bentosadun geziak dituzten jostailuak, bere tokitik atera, ahora eraman eta asfixia eragin dezaketelako; eskuekin forma emateko masillak, boro kantitate handia dutelako; txintxirrinak, pieza txikiak dituztelako; mozorroak, behar baino soka luzeagoak dituztelako eta, ondorioz, objekturen bati lotu eta zauriak edo itolarria eragin dezaketelako buruaren edo lepoaren inguruan harrapatuz gero; jostailu magnetikoak, imanak aska daitezkeelako eta fluxu magnetiko handia dutelako, irentsiz gero lesio larriak eragin ditzakeena; eta 3 urtetik beherako haurrei bideratutako puzzleak, pieza txikiak dituztenak, umeek ahora eraman ditzaketenak.

Jostailu horiek haurrentzat duten arriskuagatik, agintariek arautzea erabaki dute, batez ere merkaturatzea debekatzea edota merkatutik kentzea.

Zenbait gomendio

Data hauetan Gabonetako jostailuekin gozatzen ari dira haurrak, eta familiei horiek zaintzea gomendatzen diete kontsumo ikuskaritzek. Adibidez, segurtasun neurriak betetzen ez dituzten gailu elektronikoek kalanbre edo erredurak sor ditzakete. Eskuetako margo, plastilina edo kalitate baxuko slime-k, berriz, substantzia kimiko arriskutsuak izan ditzakete, umeek miazkatu edo ukitu ditzaketenak.

Egoera horiek ekiditeko etiketei begiratzea da onena. Gutxienez honako informazioa izan behar dute: produktuaren izena eta marka, Europar Batasuneko zigilua (CE), fabrikatzailearen, inportatzailearen eta banatzailearen izena eta helbidea, erabiltzeko gomendatzen den adina eta jolasteko ohartarazpenak.

Segurtasun ohartarazpenak eta erabiltzeko urratsak irakurtzea ere interesgarria da. Jostailu elektronikoen kasuan, gehienezko potentzia, behar duen tentsioa eta energia kontsumoa agertu behar dira etiketan.