INFO

Kamioientzako bidesariak hil honetan jarriko dira berriz martxan N-I eta A-15ean

Gipuzkoako Aldundiaren bozeramailea den Eider Mendozak iragarri duenez, datozen asteetan martxan jarriko dira berriro N-I eta A-15 errepideetako kamioientzako bidesariak. «Ezin dugu errepide horien mantentze-lanak ordaindu gizarte politiken kaltetan», azpimarratu du.

Kamioien bidesaria, Andoainen. (Jon URBE/FOKU)

N-I eta A-15 errepideetako kamioientzako bidesariak hil honetan jarriko dira martxan. Hala iragarri du ostiral honetan Gipuzkoako Aldundiaren bozeramailea den Eider Mendozak, Eitb-ri eskainitako elkarrizketa batean.

Bertan adierazi duenez, Europar Batasunak babesten ditu halako neurriak, errepideen «erabiltzaileak ordaindu egin behar duelako», eta horretarako bidesariak jarri behar dira.

«Errepide horiek egunero eta egunero jasaten dute sekulako trafikoa, batez ere kamioiena, gehienak bertakoak ez direnak, eta hori ezin du erakunde publiko batek bere gain hartu gainontzeko politika publikoen kalte», gaineratu du iraganean onartu diren neurriak gogoratu aurretik. Izan ere, halako bidesariak indarrean jarriko dira hirugarren aldiz.

2016an onartu egin zen kamioientzako bidesariak ahalbidetzen zituen foru araua, eta 2018an bertan behera utzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, garraiolarien sindikatuek aurkeztutako helegiteen ondorioz. 2019an bigarren arau bat onartu zen, eta 2021ean bertan behera utzi zuen Auzitegi Gorenak.

«Eta orain zertara eraman gaitu honek? N-I eta A-15ean –errepide osoan– bidesariak jartzera», azpimarratu du Mendozak, erabakia Batzar Nagusietan onartu egin zela ohartarazi duenak. Foru arau berriak aurreikusten du N-I eta A-15 errepideen ibilbide osoa osatzen duten 76,3 kilometroak ordainpekoak izatea.

Aurreko arauak bertan behera geratu ziren, baina epaitegiek erabakia irmoa hartu bitartean garraiolariek ordaindu behar izan zuten bidesariak. Eta aste honetan Hiruk Gipuzkoako Aldundiaren «trabak» salatu ditu bidesarien ordainketak itzultzeko prozesuetan.

Donostiako Administrazioarekiko Auzietako 3 zenbakiko Epaitegiak asteazken honetan jakitera eman zuenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak 13.000 euroko kalte-ordaina emango die bidesaria bidegabeki kobratzeagatik erakundearen aurkako salaketa jarri zuten hiru garraiolariri.

Dena den, sindikatuak dioenez, bide administratiborik jo zuten mila inguru garraiolarietatik asko bidean gelditu dira.

Mendozak esandakoaren arabera, badirudi Aldundiak bakarrik itzuliko diela ordaindutako dirua auzitegietara jo duten garraiolariei. «Aurkeztu dutenei begira, ikusiko dugu zer egin behar den, baina horretara mugatzen da», azpimarratu du.

EH Bilduren ekimena

EH Bilduko bazarkidea den Oskar Bordesek salatu du sare sozialen bidez «bidesarien gaiarekin foru Gobernua etengabeko noraezean eta inprobisazioan» aritu dela; eta ekimen bat erroldatu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Aintzane Oiarbide diputatuari zuzenduta, «behar diren azalpenak eman ditzan».

Interpelazioan azaltzen duenez, «bidesaria kobratzearen aurkako epaien ondoren, bai errepideko garraioaren sektoreko erakunde ordezkatzaileek bai gure batzarkide taldeak behin baino gehiagotan eskatu zutela bidesaria kobratzeari uzteko. Kontrako epaiak iritsi ahala, zuhurtziaz jokatzeko dei ugari egin genion Aldundiaren Gobernuari, baino kasurik ez».

Dioenez, «kudeaketa eskasa horrek kinka larrian jarri du, behin baino gehiagotan, arlo horretan foru Gobernuak eraman beharreko jarduera», eta «ezagutu dugun epaiak eszenatoki berria ireki du, bide sarien kudeaketan, Foru Gobernuak erakutsi duen zuhurtzia faltagatik».

Izan ere, Bordesen esanetan, «orain arte epaitegiak 3 erreklamazio onartu ditu eta 13.000 euro itzuli beharko ditu Aldundiak. Baina honek erreklamazio gehiagorako atea ireki du eta ez dakigu etorkizunean zenbat gehiago izan daitezkeen».