INFO

Bular aldean min hartuta, Fustok partida bertan behera utzi du eta nekez berrituko du txapela

Iazko bi finalistak txapelketan sartu dira eta Gaubekak ere ezer gutxi egin ahal izan du Maldonadoren sasoiaren aurrean

Egun txarra izan da gaurkoa txapelketako bi beteranoenentzat. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Modu ezin okerragoan ekin dio Pablo Fustok iaz lortu zuen txapelaren defentsari eta errekorra ia ezinezkoa jarri zaio, gaurko partida bertan behera uzteaz gain, oso zaila izango duelako hurrengo jardunaldian jokatu ahal izatea. Urrutiaren aurka lehen jokoa 10-8 galdu ostean, bigarrenean ere atzetik zela, argentinarrak ziztada bat sumatu du eskuin bular aldean eta partida bertan behera utzi behar izan du. Gauzak horrela, hilaren 27an Armintzako atzelariak eta Ibai Perezek jokatuko duten partidatik irtengo da multzo honetako lehen finalista.

Beste multzoan, bere oinordekoa izan daitekeen Roman Maldonadok sasoi puntu izugarrian dagoela berretsi du eta aurreko bi asteetako garaipenen ostean, oinpean izan du bost aldiz txapeldun izan den Esteban Gaubeka (6-10, 10-8, 5-10 eta 4-10). Aurrelari argentinarrak defentsa bikaina erakutsi du eta erasoan ere Armintzako oilarrak baino abiadura bat gehiago sartu dio amerikarrak.

Euskal Herriko Irekiko izen ematea martxan

XXXIX. aldiz, Oiartzungo Girizia elkarteak, Udalaren laguntzaz, Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekia anotolatuko du, zenbait asteburutan Euskal Herriko txoko guztietako pala jokalariak batuko dituen lehiaketa sonatua. Jokatzeko interesa duten guztiek izango dute parte hartzeko aukera, hau da, ez da inolako baldintzarik ezartzen lehiaketan aritzeko, baina horretarako interesatuek urtarrilaren 20ra arte dute izena emateko epea.

Horretarako bi bide desberdin moldatu dituzteu dituza taldetik, esait@euskalnet.net edo giriziaelkartea@gmail.com helbideetara mezu bat bidalita edota 656711275 telefono zenbakira deituta. Izen ematea librea den arren, partidak orekatuagoak izan daitezen, gizonezkoen artean hiru mailatan jokatuko da txapelketa eta nesketan, aldiz, izen ematen duten guztiek maila berean jokatuko dute. Denak paleta gomaz arituko dira.