INFO

Mintzapraktikaren 30 urte jasotzen dituen dokumentala aurkeztu dute

Bagera elkarteko kideek 15 minutuko dokumentala sortu dute, egitasmoaren sortzaile eta zenbait mintzalagunen esperientzia pertsonalei buruzko testigantzak jasoz. Zehazki, ondorengo pertsonenak: Ainhoa Lavado, Marije Manterola, Aitziber San Roman, Amaia Balda, Aitziber Gurutzeaga eta Aritz Branton.


Aurten 30 urte beteko dira Euskal Herrian lehen Mintzapraktika egitasmoa abiatu zenetik. Donostiako Bagera euskara elkartea izan zen aurreneko pauso hura eman zuena, gerora hainbesteko mugimendua ekarri duen pausoa: gaur egun 7.000 pertsonatik gora elkartzen dira astero Mintzapraktika egiteko. 1993ko abenduan izan zen hasiera hura, sei Bagerakide eta euskaltegietan ikasten ari ziren beste sei lagun elkartuta.

Hastapen horiek eta ibilbide osoa oroitzeko, Bagera elkarteko kideek 15 minutuko dokumentala sortu dute. Bertan biltzen dira egitasmoaren sortzaile eta zenbait mintzalagunen lekukotasunak. Zehazki, ondoko lagunenak:  Ainhoa Lavado, Marije Manterola, Aitziber San Roman, Amaia Balda, Aitziber Gurutzeaga eta Aritz Branton.

Dokumentalaren soinu banda Francesca di Nicolak idatzi eta interpretatu du. ‘Habanera Araba’ da kantaren izena. Bera ere mintzalaguna da, eta bera gisako mintzalagunei eskaini die musika.

Lekukotasunak

Besarkadak eta irriak sortzen dira aspaldiko mintzalagunak berriro topatzean. Marije Manterola eta Leire Lavado, adibidez. Lehena, sustatzaileetako bat. Bigarrena, euskaldun berria, ekimen honi esker mingaina askatu ahal izan duena.

Manterolak oroitzen du sormen prozesu polit bat izan zela. «1992-1993a zen, Bagera sortu berria zen, talde handi bat geunden lanean. Horietako batean Amaia Balda eta Aitziber San Roman zeuden. Haiek ingurune euskalduna ez zeukatenei, euskaldun berriei eskaintza egitea pentsatu zuten», gogoratu du.

Lavadok agertzen du mintzapraktika taldeetan denetaz hitz egiten dutela eta oso polita eta garrantzitsua izan dela berarentzat horietan parte hartzea. «Kosta zitzaidan pila bat hitz egitea», aitortzen du.

Manterolak erantzuten dio bera ere gustura ibili dela bidelagun gisa. «Garbi neukan euskaraz bizitzea dudala helburu bat, eta horretarako euskaldunak behar ditugu inguruan. Ama hizkuntza dugunok zortea izan dugu, baina beste askok ahalegin handia egiten ari zarete. Ezinbestekoa da niretzat ikasten ari zaretenei laguntzea kalean ere erabil dezazuen».

Aitziber San Roman eta Amaia Balda ere solasean agertzen dira dokumentalean. «Oso konbentzituta geunden, ezagutza eta erabilera uztartzeko», esaten du Baldak. «Lan talde desberdinen bilerak egiten ziren Bageran, filosofo asko zegoen, zoratzen entzuten nien, baina guk ‘hitz egin egiten dugu’, genioen», oroitu du lagunak irri batekin.

«Goazen gune bat sortzera beste pertsona batzuekin, aukera emango diguna beste salto batzuk egiteko», hori izan zen ideia, Baldak adierazi duenez.

Kanpaina betean

‘Mintzalagun izateko 1.000 motibo’ leloarekin kanpaina egiten ari dira urtarril honetan. Parte hartzeko hamaika modu daude. Izena emateko onena etxetik hurbilen dagoen euskara elkartera jotzea da.

Zabaltzen ari da sarea Euskal Herrian. Asko dira, baina are gehiago izan beharrean daude. Batez ere bidelagunengana heldu nahi dute, euskaraz aise aritu eta bidelariei euskaraz praktikatzen laguntzen dietenengana.