INFO

Zaldibarko hondamendiaren hirugarren urteurrenean ekitaldia egingo dute Eitzagan

Zaldibar Argitu plataformak deitu du ekitaldia. Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileen bizitzekin bukatu zuen hondamenditik hiru urte igarota, ardura politikoak hartzeke daudela gogoratu du taldeak.

Zaldibar Argituk deitutako mobilizazio baten artxiboko irudia. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Otsailaren 6an hiru urte beteko dira Zaldibarko zabortegia hondoratzearekin bi langile hil zirenetik. Oraindik erantzunkizun politikoak argitu gabe daudela gogoratzearekin batera, Zaldibar Argitu herri plataformak ekitaldia deitu du datorren otsailaren 5ean, 12.30ean, Eitzaga auzoan.

2020ko otsailaren 6an Verter Recycling enpresaren zabortegian gertatutako luizi batek bi langile harrapatu zituen azpian, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Abuztuan topatu zituzten lehenengoaren gorpuzkiak; Beltranenak, aldiz, ez ziren agertu. Bilaketa bertan behera utzi zuen Lakuak 2021eko maiatzean.

Zaldibar Argitu plataformak hiru urte daramatza Eitzagako hondamendiaren arduradun politikoak antzeman eta epaitu daitezela eskatzen eta mobilizazio ugari antolatu ditu hori publikoki adierazteko.

Iazko urriaren hasieran Europar Batzordeak ebatzi zuen ez zuela lege urraketarik antzeman Lakuaren kudeaketan, hala ere, Urkulluren Gobernuak emandako informazioaren gainean ondorioztatu zuen ebazpena, hiru orritako dokumentu baten bidez.

Zaldibar Argituren ustez dokumentu hori ez da nahikoa, eta ardurak argitzeko eskaerari helduko dio otsailaren 5ean ere, Zaldibarko hondamendiaren hirugarren urteurrenean.