INFO

Beti Onakek aurpegia eman du Elxen pistan, baina porrota jaso du Ligako partidan (31-26)

Partida orekatu batean (15-13 atsedenaldian), etxeko taldeak bigarren zatian ihes egin du markagailuan nafarren kanporatze batzuez baliatuta, eta kanpokoek ezin izan dira berriro hurbildu.

Beti Onakeko jokalariek azken unera arte borrokatu dute Elxen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Gurpea Beti Onak aurtengo errebelazio bat denik ez da esan behar. Nafarrek iaz lortu zuten igoera Ohorezko Mailara eta sekulako maila erakusten ari dira Liga honetan. Asteazken honetan atzeratutako 11. jardunaldia jokatu dute Elxen etxean, eta gauzak oso zail jarri dizkiete, gehienbat lehenengo zatian. Hala ere, etxekoek bigarren zatian alde egin dute markagailuan nafarrek jokalari bat gutxiagorekin jokatzen egon diren momentuetan, eta Atarrabiakoak ezin izan dira hurbildu eta urduritasuna aurkariei eragin.

Partida oso berdinduta hasi da. Pentsa, lehenengo zatiaren lehen hamar minutuetan lau berdinketa eman dira, baina orduan Elxek 2-0eko partzial batekin bi goleko errenta hartu du (6-4). Nafarrek ez dute aprobetxatu aurkaria jokalari bat gutxiagorekin ari zela minutu horietan eta ordaindu dute.

Elxek bost goleko errenta ere eskuratu du (11-6, 21. minutuan), baina Beti Onakeko jokalariak ez dira makurtu eta bi golera jarri dira (12-10). Etxekoek berriro ere aprobetxatu dute nafarren jokalari bat kanporatu dutela 15-11 ipintzeko, baina kanpokoek hortzak estutu eta 15-13koa lortu dute atsedenaldira joateko.

Bigarren zatia antzekoa izan da. Hasierako 1-2ko partzial batek 16-15ekoa ipini du. Hala ere, etxekoek ondo ikasita zuten partida eta Beti Onak sei jokalarirekin egon den momentuan, bi gol sartu dituzte alde egiteko (19-16). Bost goleko errenta izan dute etxekoek zenbait momentutan, eta baita seikoa ere Atarrabiakoen beste kanporatze batez baliatuta (30-24).

Nafarrek borrokatzen jarraitu dute, baina ezinezkoa izan zaie gaurkoan berdindu edota irabaztea (31-26).