INFO

Galeseko selekzioko gizonezko jokalariek eta emakumezkoek soldata berdina jasoko dute

Galeseko Futbol Elkartearekin akordio bat erdietsi dute gizonezkoen eta emakumezkoen selekzioek soldata berdina jaso dezaten. Gizonezkoek %25era murriztuko dute euren soldata, andreenak %25eko igoera izateko. Adostutakoak 2027 urtera arte iraungo du.

Galeseko gizonezkoen selekzioak Munduko Kopan Ingalaterraren aurka zelaraitu zuen hamaikakoa. (Martin RICKETT | EUROPA PRESS)

Galeseko Futbol Elkartea (FAW) akordio batera iritsi da gizonezkoen eta emakumezkoen selekzioekin biek soldata berdina jasotzeko. Hori posible izan dadin, Galeseko gizonezkoen taldeak %25era murriztuko du euren soldata, emakumeenak %25eko igoera izateko. Adostutakoak 2027 urtera arte iraungo du.

Gizonezkoen eta emakumezkoen selekzioek batera kaleratutako ohar batean adierazi dute «Elkarrekin Indartsuago» izan dela Galeseko mantra selekzioa munduan kokatzeko, bai zelaian baita bertatik kanpo ere. Akordioan lortutakoaz «harro» daudela gaineratu dute: «Espero dugu adostutakoak erakustea datozen belaunaldiei berdintasuna badagoela Galesko futbolean, hori garrantzitsua baita gizartearentzat».

Gemma Grainger Galesko andreen hautatzailea ere –berriki sinatu du herrialdeko entrenatzaile gisa jarraitzeko 2027ra arte–, «pozik» agertu da, eta azpimarratu du «berdintasun» kontua dela. «Berdintasuna eta hemen daukaguna berdina dela ziurtatzea oso garrantzitsua da guretzat. Emakumeen jokoa hazten ari da, eta hazten jarraituko du», adierazi dio hautatzaileak BBC Wales hedabideari. Horrez gain, nabarmendu du gizonezkoen selekzioarekin lankidetzan jarraitu nahi duela.

Duela bi urte hasi ziren borrokan asteazken honetan lortu duten akordioa negoziatzeko. Hain justu, 2021eko azaroan hasi ziren hitz egiten gaiari buruz. Noel Mooney FAWeko zuzendari exekutiboa izan da emakumezkoen selekzioko talde exekutiboarekin akordioa adosten aritu dena. Emakumezkoen talde exekutibo horretan Galeseko jokalari garrantzitsuenetako hiru zeuden: Jess Fishlock Galeseko selekzioko deialdietara gehien joan den jokalaria, Sophie Ingle selekzioko kapitaina eta Helen Ward taldeko goleatzaile nagusia.

Galesko gizonek aho batez onartu zuten nazioarteko partidatan jasotako kuoten kantitatea murriztea, eta, horrek, hauspoa eman zion akordioari.

AEBak aitzindari; Eskozia, berriz, atzetik

Galeseko gizonezkoen eta emakumezkoen selekzioen elkarlanak bide eman dio akordioari, eta aurretik ere, beste zenbait selekzioek pauso bera eman dute. Horiek dira AEBak, Ingalaterra, Brasil, Australia, Noruega eta Zelanda Berria. Estatubatuarrek ezarri zuten mugarria iragan maiatzean; emakumezkoen eta gizonezkoen taldeak adostu zutenean primak erdi bana banatuko zituztela Munduko Txapelketetan.

Beste herrialde batzuetan, baina, lanak izaten ari dira aurrerapauso hori emateko. Galesetik gertu, Eskozia da horietako bat. Hango emakumezkoen selekzioak auzitegietara eraman nahi du Eskoziako Futbol Elkartea (SFA) jokalarien soldatak eta lan baldintzak direla eta.