Artús, Iñaki, Fañch… Estatu frantsesaren batasunaren kontra egiten duten izenak
Euskal Herrian eta Bretainian aurretik, Okzitanian orain. Hara heldu da hizkuntza gutxituetako izenen aldeko borroka. Artús izena ezin izan dute erregistratu, «u» hizkiaren gaineko azentua ez delako frantsesez existitzen. Gurasoak sostengua eskatzen ari dira, eta epaitegietara jotzeko prest dira.
Estatu frantseseko hizkuntza gutxituen kontrako beste eraso bat izan da Okzitanian. Artús txikiaren izen okzitaniarra erregistro zibilean jasotzea debekatu dute, eta oraingoz Artus du izen ofiziala, «u» hizkiaren gaineko azentu oxitonoa ez delako frantses ortografian sartzen. Haurraren gurasoak eskubide hori lortzeko lehian ari dira. Arazo bera gertatu izan da Ipar Euskal Herrian eta Bretainian ‘ñ’ hizkiarekin.
Debeku horren arrazoia da hizkuntza gutxituetako zeinu diakritikoak dituzten izenak erregistro zibilean jasotzea antikonstituzionala dela da. Horrela ebatzi zuen Kontseilu Konstituzionalak 2021eko maiatzaren 21ean, Molac Legeari ezarritako errekurtsoari erantzunez.
Hala ere, egoera oso berezia da. Konstituzionalaren deliberoa eta sei hilabetera, 2021eko azaroan, Ipar Euskal Herrian bere semeari Iñaki izena ezartzea lortu zuten Xabi Thikoipek eta bere bikotekideak, epaitegitik pasa gabe. Baionako Herriko Etxeko idazkariaren ezezkoa jaso eta gero, prokuradorearengana jo zuten, eta errekurtsorik jarri gabe onartu egin zuen. Geroztik, bederen beste behin onartu du prokuradoreak.
Egoera kontuan izanik, Thicoipek ondorioztatu du horrelako gai konstituzionala erregistroko idazkariaren edo prokuradorearen esku gelditzen dela. Horren adierazle ere bada 2021ean bertan Oloroeko Herriko Etxean «ñ» izena zeukan euskal izen bat zuzenean onartu zuela idazkariak, prokuradorearengana jo gabe. «Baionan ez ziguten onartu, eta Euskal Herritik kanpo aldiz onartua izan da», adierazi du Thicoipek.
Mende herrian 2022ko abenduan jaio zen Artúsen gurasoek ezin izan zuten erregistroan jaso izen hori. Laurent Suau auzapezak izena okzitanieraz ematearen alde dagoela adierazi du, baina legeak debekatu egiten diola. Zentzu horretan, bere sostengua eman du, baita beste hautetsi batzuena ere.
Epaitegietara jotzea ez badute baztertzen ere, ibilbide politikoa lehenesten dute, eta orain beste hautetsien laguntza izatea espero dute, departamenduko eta eskualdeko kontseilari eta bertako diputatuena; horretaz gain, Estatu mailakoetara ere heltzea espero dute. Parisko Abokatutzatik sostengu anitz jaso dute; epaitegietara joko balute lagungarri izan daitezke.
Epaitegira
Debeku honen hasiera 2014an argitaratu zen zirkularrarekin hasi zen; bertan zehazten zen zeintzuk ziren erabil zitezkeen zeinuak, eta kanpo gelditzen ziren hizkuntza gutxituei dagozkienak.
Lehen afera mediatikoa Bretainian borrokatzea erabaki zuten gurasoen eskutik heldu zen, Fañch izen bretainiarra ezarri nahi baitzioten semeari. 2017 eta 2019 artean epaitegietan aritu eta gero, Estatuak izena zeinu diakritikoarekin idaztea onartu zuen.
Artús haurraren gurasoak ere epaitegietara jotzea pentsatzen ari baldin badira, Fañch kasuarengatik dela diote; haur harentzat posible izan bazen beren semearentzat ere beharko lukeela diote. Baionan Thicoipek eskaera egiteko txostena osatu zuen, eta horretan ere Fañchen erreferentzia bada. Geroztik txostena partekatu du eta emaitza positiboa izan du behin bederen; orain beste eskera bat prozeduran dago.
Thicoipek ohartarazi du hala ere egoera ezberdina izan daitekeela zeinu diakritikoen arabera, «ñ»-a onartua izatea, baina aldiz azentua ez. Izan ere, frantses hiztegian jatorri espainiarreko lau hitz onartuak dira hizki horrekin, «señor» eta «doña», esaterako.
Honek Katalunian Martí izenarekin izan zen arazoa oroitarazi du. Orduan ere gurasoek epaitegira jo zuten eta Europaraino ere ailegatu ziren, baina bertan Estatu frantsesari arrazoia eman zioten. Horren aurrean, hizkuntza gutxituetako defendatzaileek Artús hiztegi okzitaniar guztietan agertzen dela nabarmentzen dute.
Antikonstituzionala, eta zer?
Bi izan ziren 2021eko maiatzean Kontseilu Konstituzionalak antikonstituzionaltzat jo zituen artikuluak, eta egoera berezia bigarren artikuluaren kasuan ere ematen da. Bertan, murgiltze eredua eskaintzea Konstituzioaren kanpokoa dela ebatzi zuen. Seaska ikastolen federazioko zentro guztiak eta hezkuntza euskara hutsez erakusten duten beste zentro publiko eta pribatuak ere hala dira.
Bigarren artikulu honi dagokionez, legea zuzenean ez da batere betetzen ari. Izan ere, erabakia eman zenetik zentro pribatu eta publiko gehiagok eskaintzen dute euskarazko hezkuntza mota hori.
Bereziki deigarria izan zen erabakia maiatzean eman zela ezagutzera eta abuztuan lau eskolatan murgiltzea ezarri izana, inoiz izan den kopururik handiena: bi eskola publiko, pribatu bat, eta ikastola bat. Lorpen hau mobilizazio eta elkarlan handiaren ondorio izan zen, eta garapenak ikasturte honetan jarraitu du.