INFO

11.000 pertsona elkartu dira Baionan erretreten erreformaren kontra

Erretreten erreformaren kontrako greba jarraipen handia izaten ari da Ipar Euskal Herrian, Estatu mailako mobilizazioekin bat eginez. Baionako manifestazioan 11.000 pertsona elkartu dira, CGTren arabera. Ondoren, asanblea orokorra egin dute Lan Burtsan mugimenduaren jarraipenari buruz mintzatzeko.

Manifestazio jendetsua egin dute Baionan erretretren erreformari aurre egiteko. (Guillaume FAUVEAU)

11.000 pertsona bildu dira Baionan (CGT sindikatuaren arabera), erretreten erreformaren kontra ostegun honetan egin den manifestazioan. Martxan izan diren grebalariak erreforma «injustua» dela salatzen zuen pankartaren atzetik joan dira. Frantses estatu mailan bezala, Ipar Euskal Herriko zerbitzu anitz geldituak dira, hezkuntzan, osasungintzan eta garraioetan bezala, beste eremu batzuetan ere.

Manifestazio jendetsuaren ondoren Lan Burtsan asanblea orokorra egin dute, urtarrilaren 19ko mobilizazioaren jarraipenari buruz mintzatzeko.

Sindikatuek aho batez salatzen dute Elisabeth Borne Lehen ministroak aurkeztu duen aldaketa. «Erretreten erreforma injustu hau bertan behera utzi» pankartaren atzean manifestazioan parte hartzeara deitu duten intersindikaleko kideak bildu dira. CDFT, CGT, FO, CFE CGC, CFTC, UNSA, Solidaires eta FSUrekin batera, LABek eta ELBk ere egin dute greba egiteko deia.

Martxa atera denetik ia ordubete itxoin behar izan dute bukaeran zeuden manifestariek. Tren geltokitik eta suprefektura arte euripean milaka aterki ageri izan dira Lapurdiko hiriburuko karriketan.

Salaketa ezberdinak entzun zitezken erretreten erreformaren kontra, esaterako CFDTko kideek «brutala eta injustua» dela salatu dute mikrofonotik. LABeko sindikatuko ordezkariek bezala, finantziazio arazorik ez dagoela nabarmendu dute.

Alderdi politikoetako ordezkariak ere izan dira bertan, EH Bai koalizioa, NPA, France Insoumise, Alderdi Komunista eta Berdeen alderdiko kideak aritu dira erretreta justu baten alde manifestatzen.

Alda eta Bizi mugimenduetako kideek ere protesta egin dute Baionan. Egoera zailean edo beharretan dauden pertsonengan izanen duen eragina salatzeko zerbitzu sozialetako ordezkariek ere parte hartu dute martxan.

Hezkuntza zentroak eta garraioak geldirik

Hezkuntzan hamar irakasletik zazpik greba egiten ari da. Zentro batzuk hetsiak dira, horien artean Seaska ikastolen federazioko anitz.

Baionan eta Angelun ez da eskolaz kanpoko zerbitzurik. Aldiz, azken hiri honetan harrera zerbitzu minimoa eskaintzen dute 8:30etik 16:30era.

Garraioari dagokionez, trenari dagokionez, eskualdeko garraioa eskaintzen duten TER eta AHT ia guztiak bertan behera gelditu dira. Biarritzeko aireportuan Orlyra eta Lyonera joateko hegaldiak ez dira atera.

Hedabideetan ere nabari da greba, Ipar Euskal Herriko informazio euskarri nagusienetakoak diren Mediabasken eta Kazeta.eus-en ez da artikulu berririk izan gaur, Euskal Irratietan ez dira ohiko programazioa eskaintzen ari, France Bleu irratian emankizun batzuk soilik entzun daitezke eta ‘Sud Ouest’ egunkariaren Euskal Herriko edizioa beste lau ediziorekin elkartu dute, kazetari eskasia dela eta.