INFO

IDK Euskotrenek ez du zorterik: Kaela Davisek orpazurda hautsi du

Talde donostiarrak jakitera eman duenez, hegaleko estatubatuarra astelehen arratsaldeko entrenamenduan lesionatu zen. AEBetan egingo diote ebakuntza. Bi partida baino ezin izan ditu jokatu Azu Muguruzaren aginduetara.

Kaela Davis, Benbibreren aurkako partidan. (@IBAETABASKET)

IDK Euskotren batere zorterik gabe dabil azken aldian. Yurena Diaz antolatzaile kanariarrak eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuela jakinarazi bazuen astelehenean, ostegun honetan Kaela Davis hegaleko estatubatuarraren txanda izan da.

Klubak berak sare sozialen bitartez baieztatu duenez, orpazurda apurtu omen du Davisek eta ebakuntza gelatik pasa beharko da. Astelehen arratsaldeko entrenaldian hartu omen zuen min jokalariak eta, Ibaeta Basketek gaineratu duenez, AEBetara bidaiatuko du Kaela Davisek, bertan pasatuko baita kirofanotik. Ondorioz, amaitu da 2022/23 denboraldia hegaleko iparramerikarrarentzat.

Bi neurketa baino ezin izan ditu jokatu Kaela Davisek Azu Muguruzaren aginduetara, Claudia Cuic errumaniarrarekin batera, hilaren aurreneko astean iritsi baitzen Donostiara jokalari estatubatuarra. Donostiara iritsi aurretik Puerto Ricoko Atenienses de Manati taldearekin 18,2 puntub eta 5,5 errebote lortu zituen batez beste. IDK Euskotrenen kamisetarekin, berriz, 7 puntu eta 3 errebote pilatu ditu Hozono Global Jairis eta Benbibreren aurkako bi neurketetan.

«Sekula ez zait halakorik gertatu», onartu zuen Azu Muguruzak asteazkenean eskaini zuen prentsaurrekoan. «Ezinezkoa da zorte txarragorik izatea. Kaela Davisek berak bakarrik hartu zuen min asteleheneko entrenamenduan. Saskira barneraldi bat egiten ari zela keinu txar bat egin zuen eta eskua berehala zangora eraman zuen», azaldu zuen Muguruzak.

Artean sendagileen diagnosia falta zen, baina Davisek orpazurdako lesioa izango ote zuen susmoa zuen Azu Muguruzak eta ostegun honetan albiste txarra konfirmatu besterik ez da egin.

Vanesa Jasa, Letoniara

Bestalde, IDK Euskotrenek berak Vanesa Jasa letoniarrak bere jaiotze herrialdeko TTT Riga taldean utzita jokatuko du denboraldia amaitu bitartean.

Joan zen uztailean 19 urte eginda, bi urterako kontratua egin zio pasa den udan Ibaeta Basketek Vanesa Jasari, baina ez du askorik jokatu. Orotara, zortzi neurketatan kantxaratu du Azu Muguruzak eta batez beste 10 minutu jokatu ditu, zeinetan bi puntu eta errebote bat pilatu dituen. Bada, Letoniako TTT Rigan Donostian nekez izango dituen minutu horiek izateko helburuz utzi dio joaten IDK Euskotrenek Jasari.