INFO

Peña II.ak eta Eskirozek ezustekoa eman dute Etxebarrin Jaka eta Aranguren menderatuta

Iosu Eskiroz zen laukoteko berritasun nagusia, eskua minduta duen Jon Mariezkurrenaren ordez jokatu baitu, baina Makirriain-Ezkabarteko atzelariak neurketa bikaina jokatu du eta laugarren puntua lortu dute urdinek.

Iosu Eskirozek partida bikaina jokatu du Etxebarrin. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Peña II.ak eta Eskirozek ezustekoa eman dute Etxebarriko pilotalekuan Jaka eta Aranguren 15-22 menderatuz. Iosu Eskiroz zen laukoteko berritasun nagusia, eskua minduta duen Jon Mariezkurrenaren ordez jokatu baitu, baina Makirriain-Ezkabarteko atzelariak neurketa bikaina jokatu du eta merezitako puntua lortu dute urdinek.

Jaka eta Aranguren, aldiz, burua altxa ezinik dabiltza. Ligaxkako sailkapenean azken postuan egon arren, aukera ona zuten gaurkoa bigarren garaipena eskuratu eta kanporaketak jokatzeko borrokan sartzeko, baina Aitor Arangurenek asko sufritu du norgehiagokaren bigarren erdian eta zortzigarren porrota jaso dute.

Dirua gorrien alde ia doblean atera den arren, hasieratik ikusi da Eskiroz jokatzeko zegoela eta atzean ez zela alde handirik egongo. Eta aurrean Erik Jaka eta Jon Ander Peñaren artean izan den joko biziak neurketa parekatua ekarri du berarekin. Erremate politak izan dira tarteka eta huts handi samarrak ere bai beste askotan.

Peñak motz-motzean ateratako sake batekin lortu dute urdinek lehen abantaila aipagarria (2-5), baina gorriek 4-0eko partzial batekin erantzun dute, 6-5 aurreratzeko. Tarte horretan deigarria izan da Peña eta Eskirozen arteko ulermen eza bizpahiru tantotan: 4-5ekoa eta 6-5ekoa horrela iritsi dira.

Horiek izan dira gorrien unerik onenak, agian markagailuan aurretik egotean bai ala bai irabazi behar horren presioa gutxiago somatu dutelako. Erik Jakak tanto on pare bat sinatu ditu, eta Arangurenek ere izan du luzimendurako tartetxoa 10-9koan, aurrean lehenik pilota zaila harrapatuz eta ondoren gantxoa joz.

Arangurenen gainbehera

Baina Arangurenek gora bidali duen pilota batek ekarri du 10-10ekoa, eta hortik aurrera gorriek ez dute inoiz agindu markagailuan. Izan ere, Jakaren beste bi tantorekin 12-12 berdintzea lortu duten arren, urdinen 0-4ko partzial batek 12-16 aurreratu ditu Peña eta Eskiroz, tarte handia dema nola joan den ikusita.

Jaka eta Aranguren urduri somatzen ziren, eta Aginagako atzelaria izan da azken txanpa horretan pott egin duena. Pilota batzuk zailxeagoak, beste batzuk batere misteriorik gabeak, opari asko egin ditu gipuzkoarrak eta azkenean hamar bat pilota galduta amaitu du partida, bere buruarekin oso haserre.

Puntu garrantzitsua da Peña eta Mariezkurrenak osatzen duten bikotearentzat, lau garaipenekin bi puntuko tartea irekitzen dutelako zazpigarren postuan dauden Ezkurdia eta Martijarekiko.

FITXA

Pilotakadak: 647. Partidaren iraupena: 73 minutu. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-3, 2-3, 2-5, 6-5, 6-6, 8-6, 8-7, 9-7, 9-9, 10-9, 10-12, 12-12, 12-16, 13-16, 13-18, 14-18, 14-19, 15-19 eta 15-22. Egindakoak: 6 Jakak, 5 Peña II.ak eta 2 Eskirozek. Galdutakoak: 4 Jakak, 9 Arangurenek, 3 Peña II.ak eta 6 Eskirozek. Gorabeherak: Etxebarriko pilotalekua. Lehen sakea.