INFO

Ehun kultur jardueratik gora programatu ditu Bizkaiko museo eta aretoen sareak

Bizkaiko Aldundiak kudeatzen dituen hamabi museo eta aretoen sareak ehun jardueratik gora programatu ditu 2023 honetarako. Besteren artean, Bermeoko Arrantzaleen Museoak bere 75. urteurrena ospatzeko programazio berezia eskainiko du.

Bizkaiko museo eta aretoen sareko ordezkariak. (NAIZ)

Bizkaiko Aldundiak kudeatzen dituen museo eta aretoetako jardueren urteko katalogoa aurkeztu du astearte goiz honetan. 2023.urtean eskainiko den programa «anitza eta zabala» da, azaldu dutenez, publiko guztientzat diseinatutakoa eta hamabi leku hauetan garatuko dena: Arkeologi Museoa (Bilbo), Santimamiñe (Kortezubi), Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo), Europako Herrien Parkea (Gernika-Lumo), Euskararen Etxea (Bilbo), La Encartada fabrika-museoa (Balmaseda), Txakolin Museoa-Txakolingunea (Bakio), El Pobaleko Burdinola (Muskiz), Muñatones Gaztelua (Muskiz), Ondare Aretoa eta Rekalde Aretoa (Bilbo).

Katalogoan, leku bakoitzeko erakusketa iraunkorrez gain, aurten egingo diren aldi baterako hogeita hamar erakusketa baino gehiagoz, ehun jarduera baino gehiagoz eta hamabost argitalpenez osatutako programazioa dago. Katalogoa sarean dago jada.

Berritasunen artean azpimarratu behar da Rekalde Aretoak bere fatxada biratuko duela Iparragirre kalerantz, eta beste batzuen artean Eduardo Sourrouilleren, Juan Carlos Eguillorren eta Bizkaia ERTIBIL erakusketak antolatuko dituela.

Ondare Aretoan hainbat erakusketaz gozatzeko aukera egongo da, besteak beste Jose Manuel Rozasen ibilbidea erakusten duena edo Bilboko zinema aretoetako arkitektura azaltzen duena, eta Euskararen Etxeak erakusketa berritua eskainiko du.

Arrantzaleen Museoaren 75. urteurrena

Bermeoko Arrantzaleen Museoak bere 75. urteurrena ospatzeko programazio berezia eskainiko duela aurreratu dute eta, bere aldetik, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan erakusketa hauek egongo direla: ‘Abangoardiako 10 emakume Bizkaian’, ‘Basques in California’ eta ‘Palindromoak: Markos Gimeno, Autore Erotua’ erakusketa orijinala, Joseba Sarrionaindiak eta Esteban Montoriok sortua.

Arkeologi Museoan antolatuko diren erakusketek bisitariei monumentu megalitikoen historia, Egiptora egin ziren espedizioak, Euskal Herriko indusketak eta arte garaikidea azalduko dizkiete beste batzuen artean.

Bere aldetik, Santimamiñen, UNESCOk gizateriaren ondare deklaratu zuen munduko historiaurreko artearen ezinbesteko kokapenean, erakusketa bat antolatuko da eta bertan azalduko dira 1918tik aurrera egin ziren ikerketak eta bertan jaso zituzten material eta datuak erakusgai egongo dira.

Bakioko Txakolin Museoa-Txakolingunean, erakusketa iraunkorraz gain, zenbait gairi buruzko erakusketak daude, besteak beste hauek: ‘Iragarki zaharrak Bizkaiko prentsan. 1859-1939’, ‘Eulalia Abaitua. Gure aurreko andrak. Mujeres vascas de ayer’, ‘Bakioko Margozaleak’ eta ‘Mendian Gora’, EMMOA Fundazioarena.

Katalogoan Bizkaiko Foru Aldundiak urtean zehar gauzatzen dituen kultura programa bereziak jasota daude baita ere, eta horien artean nabarmentzekoak dira Ibilbide Historikoak (Bizkaiko historiaren eta geografiaren espazio bereziak ezagutzeko ibilbide gidatuak), Europako Ondarearen Jardunaldiak, urrian Bizkaia osoan kultura jarduerez betetako programa eskaintzen duena, La Encartada Moda ekainean, MusEkintza arte eszenikoen jaialdia eta Ibiltari erakusketa ibiltarien programa.