INFO

La Sirena aterpetxea egunero ireki dadin mobilizazio zaratatsua egin dute Donostian

Donostiako Hiritarron Harrera Sareak deituta, negu osoan La Sirena aterpetxea etxegabeentzako irekita egon dadila eskatzeko kontzentrazioa egin dute ostiral iluntzean. Bide batez, Udalak etxegabeekin lan egite duten erakundeekin hitz egin dezala exijitu dute.

Este navegador no soporta el elemento video.


Donostiako Udalak La Sirena aterpetxea egun batzuetan bakarrik irekitzen duela salatu du Harrera Sareak egunotan; tenperaturak oso baxuak diren arren, etxegabeak kalean lo egitera behartuta daude. Ostiralean ere ez dutela ireki salatzeko kontzentrazio zaratatsua egin dute iluntzean udaletxe aurrean.

Hortaz, La Sirena gaur gauean eta neguko egun guztietan irekita egon dadin exijitu dute eta Udalak «benetako elkarrizketa bat» izan dezala etxerik gabeko pertsonekin lan egiten duten erakundeekin, pertsonen eskura jarri beharreko baliabideei buruz.

Salatu dutenez, astebururako aurreikusita dauden tenperatura minimoak La Sirena irekita egon den egun batzuetakoa baino baxuagoa da eta «tenperatura zenbat gradu igo edo jaisten den eztabaidatzen duen gerra batean sartzea ez da onargarria» sarearentzat.

Aterpetxea itxita egoteko Udalaren justifikazioa aurrekontu falta dela diote eta hori ez dela «bidezkoa» deritzote. «Udalak onartutako aurrekontu bolumena» kontuan hartuta, La Sirenarentzat bideratu beharreko diru-kopurua oso txikia izango litzatekeela defendatu dute.

«Udalak ez du inoiz gai honi buruzko eztabaidarik sortu nahi izan eta jartzen dituzten baliabideei buruzko diskurtsoa hedabideetan bideratzera mugatzen dira. Baina, zer gertatzen da eskaintza horren kanpoan geratzen diren ehunka pertsonekin? Ez dago inoiz erantzunik horretarako», salatu dute.

Bide batez, hiriaren izaera «elitista» azpimarratu dute, «postaleko irudia» transmititu nahi duelako eta, «noski, hotzez ez hiltzeko lekurik sinesgaitzenak bilatu behar dituzten pertsona horiek guztiak ikusarazteak irudia zikintzen du».