INFO

Anonyme Popular, igande honetan 7Kn

Bertso idatziak, musika eta ikusentzunezkoak barnebiltzen dituen proiektua da Anonyme Popular. Igor Elortzak eman zien bide hitzei, Rafa Ruedak jarri zien ondoren musika eta Oier Zuñigarekin diseinatu dute ikuskizuna. Azpeitian estreinatuko dute igande honetan.

Este navegador no soporta el elemento video.


Pandemia garaian eta «etxeko anonimotasunean» ondu zituen Igor Elortzak Anonyme Popular proiektua osatzen duten bertso idatziak. Ordenagailu aurrean, patxadaz idatzitako letretatik bederatzi dira disko-liburura iritsi direnak. Azpeitiko Kulturaz kooperatibarekin batera sortutako bideoak izan dira abestian aurkezpen karta sare sozialetan. Eta ikuskizuna igande honetan iritsiko da aretoetara, Azpeitiako Soreasun egingo duten estreinaldiarekin. Bertan elkartu gara Igor Elortza, Rafa Rueda eta Oier Zuñigarekin proiektu honen xehetasunak ezagutzeko. Bideo honetan aurreratzen ditugu horietako batzuk. Elkarrizketa osoa igande honetako 7Kn izango da irakurgai.

«Garaiari eta giroari jarritako ikusentzunezko bertso berriak dira», hala definitzen du Elortzak Anonyme Popular. Pertsonaletik asko duen proiektua da eta aldi berean entzulearekin konexioa lortzen duena. «Nitik baina ez nitaz idatzitako bertsoak dira. Badago tentsio hori, norbanakoaren eta taldetasunaren artean», gaineratzen du. Denok nolabait ikutzen gaituzten gaiak jorratzen dira –adiskidetasuna, identitateak, feminismoa, maskulinitatea, euskal gatazka edota egungo bizi ereduak– eta horrek identifikazio maila altu bat dakar.

Musikari eta ikuskizunari dagokionez, «bidai bat» proposatzen dutela azaltzen dute hiruek. Estilo eta doinu ezberdinak topatu daitezke eta horrekin koherentzia bat mantenduz planteatu dituzte emanaldiak. Oholtza gainean Alvaro Olaetxea musikaria ere egongo da Rueda eta Elortzarekin batera. Azpeitian ikusi ahal izango da, bihar, estreinakoz. Gero etorriko dira beste geltoki batzuk: Zarautz, Elorrio, Iruñea, Hernani, Oñati, Bilbo, Baigorri, Amasa-Villabona, Amurrio eta Durango.