Txikia IV.a eta Azurmendi izan dira Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketako txapeldunak
Zestoan jokatutako lehian 1:41eko aldea atera diete Otaño eta Mujika bigarren sailkatuei. Promozio Mailan, Kañamares eta Olano izan dira txapeldunak, 14 segundogatik bakarrik Saralegui eta Pellejerori irabazita.
Zestoako Kiroldegiko frontoiak Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa jaso du larunbat honetan. Bertan bi kategoriatan banatu dira txapelak: Lehen Mailan eta Promozio Mailan. Txikia IV.a eta Azurmendi (30:07) eta Kañamares-Olano (15:30) izan dira txapeldunak, behinik behin.
Aizkolariek egin beharreko lanari dagokionez, maila nagusian berrikuntza edo aldaketa bat egin dute, «ikusleentzako saio politagoa eta eramangarriagoa izateko helburuarekin», aurkezpenean adierazi zuten bezalaxe. Horrela, Lehen Mailako aizkolariek sei kana erdiko, sei 60 ontzako eta sei oinbiko ebaki behar izan dituzte; Promozio Mailako aizkolariek, berriz, lau kanaerdiko eta lau 60 ontzako.
Gauzak hala, Txikia IV.a eta Azurmendi izan dira Lehen Mailan azkarrenak. Beren lana egiten 30:07ko denbora behar izan dute. Bigarren sailkatuak Otaño-Mujika izan dira, 31:48 denborarekin, eta podiumeko hirugarren tokia Larrañaga-Jauregirentzat (31:56) izan da. Bertatik kanpo geratu dira Ugaitz Mugerza eta Larrea III.a (32:22).
Promozio Mailan, berriz, Kañamares-Olanok 15:30eko denbora egin dute eta estu-estu irabazi dute, 14 segundo gehiago bakarrik behar izan baitituzte lanak egiteko Saralegui eta Pellejerok (15:44). Hirugarren postua Corchero eta Aratz Mugerzarentzat izan da (16:02).