INFO

Justizia sozial eta klimatikoaren zorra aregotu dezakeen Erretreten Erreforma

Erretreten Erreforma frantziar Legebiltzarrera helduko da astelehen honetan. Sindikatuak soilik ez eragile sozialak ere lerratu dira egitasmoaren aurka. Proposamena «ingurumenarentzat kaltegarria eta sozialki bidegabea» dela salatu du, hala nola, Bizi!k bihar berriz kalera ateratzeko deia eginez.

Baionan 2020ko otsailean Macronen lehen erreformaren kontrako protesta. (Guillaume FAUVEAU)

Bizi! mugimenduak «mundu zaharreko» adierazletzat jo du frantziar lehen ministroak Elisabeth Bornek iragan urtarrilaren 10ean aurkeztu zuen Erretreten Erreforma.

Egitasmoa «ingurumenarentzat kaltegarria eta sozialki bidegabea delako», urtarrilaren 31n, asteartearekin, sindikatuek deituriko bigarren mobilizazio orokorrarekin bat egiteko deia luzatu du.

Iragan urtarrilaren 19an 10.000 herritar inguru batu ziren intersindikala osatzen dutek zentralek soilik ez beste hainbat eragilek babesturiko manifestazioan Baionan.

Urtarrilaren 31an, asteartearekin, bigarren mobilizazio eguna iraganen da. Are, LAB eta ELB sindikatuek ere babestu zuten lehenengo deialdi horren sustatzaileek, CDFT, CGT, FO, CFE CGC, CFTC, UNSA, Solidaires eta FSU sindikatuek, «oraindik ere jende gehiago» mobilizatuko den konfidantza agertu zuten, iragan ostiralean, Lapurdiko hiriburuan eskaini zuten prentsaurrekoan.

«Erreforma hau sistema justuago bat sortzeko egina da? Jendea konturatu da ez dela horrela», adierazi zuen bertan Mercedes Graciet CFDT sindikatuko ordezkariak.

«Gobernuak erreformari buruz gero eta azalpen gehiago eman, gero eta jende gehiago bere egitasmoaren kontra agertuko da» oharrarazi zuen, bere aldetik, Barthelemy Mottay, FSUko kideak, telebistetan ministroek egin dituzten agerraldiek lortu duten kontrako efektua nabarmenduz.

Jendarte ereduaren kontrako egitasmoa

Bizi! mugimenduak zalantzarik ez du «1945etik indarrean den jendarte ereduaren kontrako Gobernuaren ofentsiba gelditzeko» funtsezko parada dela mobilizazioa.

Bere kezka agertu du, bestalde, aipaturiko mugimendu ekologistak «belaunaldien arteko tarte demografikoaren aitzakia emanez, Gobernua erretretaren adinaren inguruko eztabaida inposatzen ari delako horrela posible diren beste hainbat mekanismo oztopatuz».

Horrendako, ingurumenaren defentsaren ikuspegitik zergatik Borne Erreforma «klimaren eta justizia sozialaren kontra doan» galderari erantzuteko hainbat argudio eman ditu.

Mugimenduak azaldu duenez «gehiago lan egiteak gehiago ekoiztea ekartzen du eta horrek, berriz ere, kontsumitzera bultzatzen du». Borne Erreforma mugarik gabeko hazkundearen ideologiarekin lerratzen dela ildo beretik logika produktibistaren mesedetan jokatuz iradoki du Bizi!k.

«Krisi klimatikoa konpontzeko gomendatzen diren konponbideek erabateko oposizioan daudela» oroitarazi ondoren aberastasuna partekatuko duen «gizarte neurritsuagoa» defendatu du kolektiboak.

Sistema publikoa kaltetu eta erretreta kutxa pribatuak lagundu

Horrekin batera, Macronen Gobernuak bultzatu duen erreformak sistema publikoa kaltetuz «erretreta kutxa pribatuak lagunduko dituela» oharrazi du mugimenduak.

«Aurrezki sistema horiek ahalmen dutenei segurtasuna bermatuko diete, horretarako finantza erakundeek diru parrasta erregai fosiletan eta oro har klima aldaketa larriagotzen duten egitasmoetan inbertitu behar badute ere», azaldu du Bizi!k, Reclaim Finance GKEak eginiko txostenean oinarrituz.

Finean, erretreten erreformak «irabaziak bizitzaren aitzinetik ezartzen dituen sistema baten doiketak diren langileak bereziki hunkitzen dituela» deitoratu du Bizi!k.

«Erreforma hau sozialki bidegabea da, batez ere egoera prekarioenean kaltetuko diuetako eta baita emazte eta gizonen arteko desberdintasunak indartuko dituelako», laburbildu du elkarteak.

Horrendako, urtarrilaren 31ean «jendeak eta planeta errespetatzen dituen orori» erreforma horren kontra mobilizatzera deitu du dagoeneko hilaren 19an Baionako karrikak zeharkatu zituen martxan parte hartu zuen Bizi! mugimenduak.

Beste hainbat ekintza erreforma salatzeko

Bi data horien artean hainbat ekintza egin zituzten, joan zen astean, esindikatuek. Hala nola urtarrilaren 26an, bi orenez Baionako portuaren sarrera blokeatu zuten zamaketariek CGT, FSU eta LAB sindikatuek babesturiko protesta burutuz.

Bezperan, berriz, Vincent Bru eta Florence Lasserre diputatu macronistek hurrenez hurren Biarritzen eta Angelun dituzten bulegoen aitzinean elkarretaratzeak egin zituzten.

Bi eledun ez zirenez bertan gutun bana utzi zieten langileek Emmanuel Macronen Gobernuak bultzaturiko erreforma ezin dela babestu azalduz.

60 egunetako atzerako kontua

Hain zuzen, urtarrilaren 30 honetan abiatuko da lege egitasmoaren ibilbidea Legebiltzarrean.

Asanblea Nazionaleko Gizarte Gaietako Batzordeak 15.00tako finkatu du erreforma aztertzeko bilera.

Seguritate Sozialeko Buxetaren atal zuzentzaile gisara erregistratu du Gobernuak erretreteen gaineko lege egitasmoa horren eztabaida ahal den eta azkarren pasarazteko xedez.

Hala 47.1 artikuluaren arabera antolatuko den tramitazioak gehienez 60 egun iraun dezake.

Asanblea Nazionaleko egutegiaren arabera otsailaren 6an abiatuko da erreformaren gaineko osoko eztabaida. Lehenengo bilkura horretan Nupes alde batetik eta RN bestetik erreformari buruz erreferenduma egiteko eginiko eskaera bozkatu eta seguruenik errefusatuko du Asanblea Nazionalak.

Dagoeneko ezkerreko oposizioak «emendakin olatua» jarri du martxan, erreformaren tramitazioa trabatzeko asmoz. Orotara 7.200 emendakin erregistratu dute taldeek, horietatik 6.200 Nupesek aurkeztu dituela.

Asanblea Nazionalean adostasunik ez balego testua bozkatzeko orduan otsailaren 17an lege egitasmoa Senatura helduko litzateke. Bigarren ganberak egitasmoa aztertzeko hamabost eguneko epea luke.

Azkeneko aukera, dekretuaren bidez

Dagoeneko diputatu eta senatariez osaturiko batzorde parekideak martxoaren 4ko data erreserbatu du.

Asanblea Nazionalean bezala Senatuan eginiko eztabaida denbora boto bat izan gabe amaituko balitz martxoaren 26 aitzin bozkatu ahalko zen testu bat adosteko erronka hartuko lukete batzordeko kideek.

47.1 artikuluak finkatzen duen prozeduraren arabera martxoaren 26an hain zuzen amaituko da epea lege egitasmoa Legebiltzarrean bozkatua izateko.

Hala ez balitz gertatuko Gobernuak esku libreak lituzke dekretuaren bidez -49.3 artikulua baliatuz- inkesteen arabera herritarren %72ak arbuiatzen duen Erretreten Erreforma onartzeko.