INFO

Arkitekturako euskara-gaztelania hiztegi zabal eta adostua plazaratu dute Lakuak eta UZEIk

Arkitekturaren arloko euskarazko komunikazioa bultzatzeko «funtsezko baliabide bat» aurkeztu dute Lakuak eta UZEIk: ia 5.100 termino dituen hiztegi elebidun adostu, zabal eta eguneratua. Euskaraz jardun nahi duten arkitekturako profesionalek azken urteotan adierazitako premiari erantzun nahi diote.

Arkitektura Hiztegia aurkeztu dute astearte honetan UZEIk eta Lakuako Gobernuak. (Euskadiko Arkitektura Institutua)

Gaur egun arkitekturaren arloko euskarazko terminologia-baliabideak dauden arren, kontzeptu berak hainbat ordain izan ditzake kontsultatutako iturriaren arabera. Egoera horren eraginez, euskaraz jardun nahi duten profesionalek etengabe egin behar izaten diete aurre hutsune, zailtasun eta segurtasun faltei. Premia horri erantzuteko eta esparru profesionaletan euskara erabiltzea sustatzeko, Arkitektura Hiztegia (euskara-gaztelania) argitaratu dute UZEI eta Lakuak, «gaiari buruzko lehen baliabide eguneratu, zabal eta adostua».

Esan dutenez, interneten egongo da erabilgarri; elkargo profesionalen webguneetan eta Euskaltermen, hain zuzen.

Astearte honetan aurkeztu dute bultzatzaileek Euskadiko Arkitektura Institutuan. Azaldu dutenez, arkitekturako eragile garrantzitsuenen arteko adostasun eta sinergiatik sortu da, hala nola Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen elkargo ofiziala eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren Arkitektura Saila.

Hiztegi honetako euskarazko baliokideek UZEIren bermea dute, eta une oro betetzen dituzte Euskaltzaindiak lexiko orokorraren arloan ezarritako arauak eta Lakuaren Terminologia Batzordeak emandako gomendioak. 

UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak 46 urteko ibilbidea egin du dagoeneko euskarazko lexiko espezializatua estandarizatzeko lanean. Ibilbide horren hasieran sortu zuen Euskalterm Euskal Terminologia Banku Publikoa. Lankidetza estua du Euskaltzaindiarekin, eta haren erakunde atxikia da 2019az geroztik.

Baliabide berriaren edukia

Uholde-arriskuak kudeatzeko plan, naturaguneen elkarrekiko lotura, hiri adimendun, azpi-junturako armadura, presentzia detektatzeko sistema, ehun bikeztatu, atorra berreskuragarri… Hiztegiak, gaur egun, euskarazko eta gaztelaniazko ia 5.100 kontzeptu ditu, honako eremu hauetan sailkatuta: lurralde-antolamendua (fitxa terminologikoen %8), hirigintza (%18) eta eraikuntza (%74).

Eraikuntzaren alorrean, materialei eta eraikingintzari dagozkien azpieremuak landu dira, eta azken horren barruan elementu eta sistema, instalazio, prozedura eta tresnei buruzko terminologia jorratu da.

2023an baliabide horri beste azpieremu batzuei dagozkien terminoak gehituko zaizkiola aurreikusi dute, hala nola patologia, jasangarritasuna eta birgaitzeari dagozkionak.

Eraikingintzari buruzko fitxa terminologikoen zati batek (1.350 fitxa inguru) euskarazko definizioa ere badute gaur egun, eta hurrengo faseetan berrekingo diote azpieremu honetako fitxei definizioak gehitzeko lanari.