INFO

Hondarribian jazotako eraso homofoboa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute

Udalak deituta, igande goizaldean Hondarribian gertatu zen eraso homofoboa salatzeko elkarretaratzea egin dute astearte honetan herriko bizilagunek.

Igande goizaldean izandako eraso homofoboaren aurkako elkarretaratzea Hondarribian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Martxoak 8 plazan eginiko elkarretaratzean, Hondarribiko bizilagunek igande goizealdean herrian jazo zen eraso homofoboa gaitzetsi dute.

Erasoaren berri jaso berritan ditu zuen protesta Udalak, udalbatza osatzen duten alderdi guztien babesarekin (EAJ, Abotsanitz, PSE eta EH Bildu) adostutako adierazpen batean. Bertan esaten zenez, «pertsona batek sexu-orientazioarekiko umiliazioak eta mespretxua jasan zituen, eta beste pertsona batek fisikoki eraso zion».

Biktimari babesa eta elkartasuna adieraztearekin batera, testuak azpimarratzen zuen gertatutakoak «errespetuzko bizikidetza hautsi» duela. Hala, Udalak nabarmendu zuen «antzeko ekintza guztiak, giza eskubideen urraketak diren aldetik, lekuz kanpo daudela, pertsona guztiok baitugu duintasunez bizitzeko eskubidea».

Diskriminazioaren aurka LGTBI kolektiboarekin batera eginiko lanari esker «aurrerapenak» izan direla aitortzen bazuten ere, jazotakoak «gaur egun oraindik ere dauden oztopoak eta eta oraindik egiteko dagoen lana» erakusten duela onartu zuen Udalak.

«Aniztasun sexualaren eta pertsonak beren orientazio sexualagatik edo genero-identitateagatik ez baztertzearen aldeko politiketan inbertitzeko beharra dagoela egiaztatzen dugu –gaineratzen zuen adierazpenak–, arreta, informazio, prestakuntza, sentsibilizazio eta kontzientziazioko programak eta proiektuak garatuz, gure herriak aniztasun sexualerako gune seguruak izan daitezen adierazpen guztietan. Eta horiek gauzatzeko konpromisoa adierazten dugu, sexu-askatasunen alde lan egiten duten kolektibo eta elkarteak babestuz eta herritar guztiak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko kanpainak bultzatuz».