Pentsamenduaren nazioarteko foro bat prestatzen ari da 2024rako Bilboko Alondegia
Beste hiri handi batzuetan diharduten bezala, hauskor eta nahasi aurreikusten den etorkizunean fokua jarri nahi du Bilboko Alondegiak. 2024ri begira, nazioarteko topagune berri bat prestatzen ari dira. Nazioartera zabaltzea baita, bide batez, Alondegiaren apustua.
Gaurkotasuna deszifratzeko beste mota bateko begiradarik –aurrerakoiagoa, konplexurik gabekoa...– eskain diezaioke gizarteari kulturaren munduak? Kultura itsasargi gisa erabil dezakegu etorkizunerantz nabigatzeko? Eta kultura, zehazki, zer da? Mota honetako galderak izan zituzten eztabaidagai, esaterako, Bartzelonan iazko urrian egin zen Pentsamenduaren Bienalean. Ildo honetatik joan daiteke, adibidez, Bilboko Alondegia 2024ari begira prestatzen ari den topagunea.
2023an prestatuko dute topagune berri hau, baina dagoeneko kontaktu batzuk egin dituzte hemengo eta kanpoko partaideak izan daitezkeenekin. Pentsamendu garaikidea jorratzen duten diziplina anitzeko topagunea izan nahi du: arkitektura, filosofia, ekonomia, teknologia, politika, zientzia..., «egun esparru guztiak nahasita daudelako eta Azkuna zentroa ez delako arte gune bat soilik», aitortu du asteartean Fernando Perezek, Alondegiko zuzendariak, Bilboko erdigunean dagoen zentro garaikidearen aurtengo egitarauaren aurkezpenean.
Ez dute askorik aurreratu nahi izan Pentsamenduaren foro honi buruz, hilabete batzuk barru gehiago zehaztuko dutelako, baina topagune hau Alondegiak egin duen apustu baten adierazlea izan daiteke; hots, nazioartera zabaltzeko garrantzia.
Alde batetik, Europako zenbait proiekturekin sareak ehuntzen ari dira Bilbotik: arte eszenikoen ekoizpenaren inguruko ACuTe Culture Testbeds for Performing Art and New Technology proiekturen barneko lau egoitza kudeatuko dira Alondegitik eta, paraleloan, Anberes, Bordele, Porto eta Rotterdamekin sinergia berriak sortzen ari dira. Bestalde, datozen hilabeteetan nazioarteko lau ekitaldi egingo dira, horien artean bi jaialdi, bat literaturari buruzko Gutun Zuria (martxoaren 28tik apirilaren 1era), bestea, Prototipoak Forma Artistiko Berrien nazioarteko Bienala (maiatzaren 30etik ekainaren 3ra).
Erakusketa berriak, ikusleria gaztea
Fernando Perez Alondegiko zuzendaritzara iritsi zenean bost urteko plangintza bat abiatu zuen. Pandemiak mozketa bortitza ekarri zuen, baina zentroak bere horretara itzultzeko gaitasuna izan omen du. Ez daude 2019ko zenbakietan, baina 2022a, esaterako, «errekorren urtea» izan da, aipatu dutenez.
Hemen datu batzuk: 2022an, 2 milioi pertsonak baina gehiagok erabili dituzten zentroaren zerbitzuak –kirola, artea, mediateka bat eta zinema batzen ditu, besteak bestek–. Publiko berriak erakartzea lortu dute, bai online programazioarekin (23.000 lagun baino gehiago), baita AZ Irratiko podcastekin (15.766 entzuketa).
Paul B. Preciadok komisario lanak egin zituen Cabelloren eta Carcellerren ‘Ahots bat Erausorentzat. Trans Garai Baterako Epilogoa’ erakusketa polemikoa Alondegiko ikusiena izan da, 27.000 bisitarirekin eta, udan, ekitaldietara hurbildu diren 40.000 pertsonekin. Katalina Erausori buruzko erakusketa polemiko honek, trans-en lehenengo pertsonaia historiko bezala erretratatzen baitzuen, Estatu espainiarreko urteko onenetarikotzat hartua izan da hedabide batzuetan.
Otsailaren bukaeran itxiko ditu ateak Bilbon Bartzelonako CCCB-rentzat Maria Ptq-k sortu zuen ‘Ciencia fricción’ erakusketa interesgarriak. Interesa piztu du, 5.000 bat lagun pasa baitira bertatik.
Aurtengo 200 jarduera baino gehiago prestatu dira eta ia ehun artistek parte hartuko dute ‘Alondegiaren komunitatean’. Zentroak, besteak beste, zortzi erakusketa hartuko ditu; nabarmenena, Bene Bergado eskultore bilbotarraren ‘Decrecer’ izango da. Proiektua Juan Luis Morazak apailatu du.
Arte eszenikoen denboraldia ere luzatuko da. Zinema egitarau propioari dagokionez –Bilboko zinema jaialdi gehienak Alondegian izaten dira–, Jean-Luc Godarden (1930-2022) filmen inguruko zikloa prestatu dute.