INFO

Oyarzabal: «Ikusi nuenean taldekide guztien kezka, pentsatu nuen: buelta eman behar diot»

Bart gauean igo du Realak Youtubera eibartarrak nola bizi izan duen iragan martxoan pairatu zuen lesio larria. Denbora horretan, Oyarzabalek ikasi du «xehetasun txikienei» garrantzia ematen. Multzoarekin entrenatzen hasi zen lehen astean, gelditu behar izan zuen, belaunean ondoeza sentitu zuelako.

Mikel Oyarzabale, lesioaren ondotik sartu zuen lehen gola ospatzen, Athleticen aurka. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Mikel Oyarzabalek duen izaera gaindiezin horrek egiten du ahaltsu. Zelaian erakutsi duen jarrera oldarkorra, indartsua, aseezina, eta nekaezina da, hain justu, erakutsi duena ezker belauneko lotailu gurutzatua hautsi zueneko errekuperazio prozesuan –pasa den urteko martxoan izan zuen lesio hori–. Kapitain onenen pare, hain zuzen ere.

«Normaltasunez hartu behar dut, gertatzen diren gauzak dira; orain, egoerari buelta ematera», horiek izan dira Oyarzabalek kamera aurrean eserita esan zituen lehen hitzak. Realak atzo gauean Youtubera bideo bat igo zuen kapitainak lesiotik errekuperatzeko gainditu behar izan dituen fase guztiena.

«Azkenean, dinamika eta errutina batean zaude, egunero Zubietara etortzen, beti jokatzen, eta golak sartzeko aukerak izaten, eta horrelako zerbait gertatzen zaizunean, xehetasun txiki horietara itzultzea da gehien baloratzen duzuna», hori izan da kapitainak bideoan egin duen hausnarketetako bat, baina ez bakarra. Izan ere, eibartarrak aitortu du etorkizunera begira «asko ikasi» duela, eta espero duela «aurrez zuen mailara itzultzea, edo hobeago batera»

Iazko martxoaren 17an lesionatu zen entrenamendu bateko jokaldi batean, eta momentuan «karraskada ozen bat» entzun zuen, eta belaunean «min handia» sentitu: «Min hartu nuenean, medikuarengana joan nintzen, eta bidean hasiera batean izan nuen mina desagertu egin zen. Gerora, baina, belaunean presio handia nabaritzen hasi nintzen, puzten ari zitzaidan, eta une horretan, lesiorik okerrena izan ahal zela pentsatu nuen».

Oyarzabalentzat hori izan zen momentu okerrena, eta adierazi du denetarik pasatu zitzaiola burutik: «Dena etortzen zaizu burura, guztiari bueltak ematen hasten zara; negar egiten duzu, eta triste zaude. Baina taldekideak niregana etorri zirenean, eta ikusi nuenean niregatik denek agertu zuten kezka, orduan pentsatu nuen: egoerari buelta eman behar diot». Jarrera horretan dago kapitainaren arrakastaren giltza.

Lesioa jazo eta egun batzuk geroago, Mikel Sanchez zirujauarena joan zen gertatu zitzaiona azaltzera eta operazioko eguna hitzartzera. Sanchezi agur esaterako garaian, Oyarzabalek ironikoki esaten dio zirujauari: «Azkenean ezagutu dut zirujau ospetsua, baina gustatuko litzaidake ez ezagutu izana».

Osatze prozesuko lehen hilabeteak

Martxoaren 24an egin zioten ebakuntza, eta hori egin ostean, kapitainak argi zuen zein zen hurrengo pausoa: errekuperazio lanetan buru-belarri jartzea. «Pentsatu nuen gertatutakoa pasatu zela, eta etorkizunera begira jarri behar nuela, osatze lanetan jarrita arreta osoa».

Mikel Barrera Realeko medikuak errekuperazio faseko lehen hilabeteetan kontuan hartu behar diren aspektuak azaldu ditu bideoan, eta nabarmentzen du osatze prozesuko lehen hilabetean garrantzitsuena ez dela «ondo joatea, baizik eta gaizki ez joatea».

Aldi berean, eibartarrak aitortu du operazioa egin eta bigarren astea izan zela «gehien kostatu» zitzaiona, minagatik ezin zuelako ondo lo egin, ezta atsedenik hartu ere. Horrez gain, kapitainak nabarmendu du lesioa jazo eta lehen asteetan jende askok idatzi ziola animoak emateko, eta ez soilik futboleko jendeak: «Eskertzekoa da beren denbora xahutu dutenek nire mezu bat bidaltzeko. Horrez gain, ezinbestekoak izan dira niretzat egunerokoan inguruan izan ditudanak, bai Zubietan, bai hortik kanpo ere».

«Orain saiatuko naiz kanpotik ahal den guztian laguntzen, taldean giro ona mantentzen, eta entrenamenduetara umore onez etortzen. Izan ere, niretzako jendeak niri hala ikustea garrantzitsua da»

Luzerako lesioetan denbora askoz berdegunetik kanpo izanagatik, beste modu batera bada ere, taldeari ekarpen bat egitea ezinbestekoa da, eta hori Oyarzabalek oso argi du, eta horretan ere eredu da: «Orain saiatuko naiz kanpotik ahal den guztian laguntzen, taldean giro ona mantentzen, eta entrenamenduetara umore onez etortzen. Izan ere, niretzako jendeak niri hala ikustea garrantzitsua da. Azken batean, poztasuna helarazi nahi diezu, animo hori gero partidetan ikusteko, eta taldeak denboraldia ondo amaitzeko».

Modu batean edo bestean, Oyarzabalek izandako jarrerak lagunduko zuen taldeak pasa den sasoian zituen helburuak betetzeko. Izan ere, aurrelaria oraindik errekuperazio fasean zegoenean, Realak Villa-Realen aurka irabazi zuen ligako azken neurketa, eta hala, Europarako sailkapena lortu zuen. Bideoan ikusten da Oyarzabal –makuluekin– taldekideekin garaipena gogotsu ospatzen, tartean, Imanol Aguacil Realeko entrenatzaileari besarkada luze bat ematen.

Horren harira, eibartarrak nabarmendu du taldekideei «oso eskertuta» dagoela, zelaitik kanpo egonagatik ere, «maitatua eta babestua sentitu» delako uneoro: «Nahiz eta taldearekin entrenatzerik ez izan, multzoaren parte sentitu naiz beti. Jendea niregatik kezkatu da, eta norbait lesionatuta egon denean hor daude beti eskua luzatzeko prest. Gu laguntzen saiatu gara, beste modu batera bada ere».

Taldearekin lehen entrenamendua

Halako lesio bat izan ondotik, unerik gozoena izan ohi da, partidetan lehiatu aurretik, entrenamenduetara itzultzea. Bada, Oyarzabalen kasuan, gozoa gazi geratu zitzaion, belaunean ondoeza sentitu zuelako. «Lesionatzen naizen lehen egunarekin batera, agian errekuperazio fase osoko egunik txarrena da. Dagoeneko bost egun daramatzazu entrenatzen, taldearekin zaude, eta berriz gelditu behar duzu, ondo ez zaudelako. Une gogorrak dira».

Oztopoak oztopo, kapitainak aurrera egin zuen. Iñigo Almandoz Realeko prestatzaile fisikoak Oyarzabalek halako egoeratan duen izaera goraipatu du: «Mikel horretan maisu bat da, segituan ematen dio buelta egoerari. Atzerapausoa egin zuenean, berehala martxan jarri zen».

Harri horri iskin egin, eta Eibartarrak behin baino gehiagotan amestu zuen eguna iritsi zen abenduaren 31n: lesioaren ostean neurketa bat jokatzea. Osasunaren aurkako partidan izan zen, Anoetan. Bigarren zatian atera zen berotzera kapitaina, zaletuen txalo eta jada ohikoa bilakatu den oihu honekin: «Mikel, Mikel, Mikel Oyarzabal. Mikel, Mikel, Mikel Oyarzabal...».

«Lesionatzen naizen lehen egunarekin batera, agian errekuperazio fase osoko egunik txarrena da. Dagoeneko bost egun daramatzazu entrenatzen, taldearekin zaude, eta berriz gelditu behar duzu, ondo ez zaudelako. Une gogorrak dira»

Berotzera ateratzerakoan nahikoa ez, eta zelaira irtetean ere jaso zuen Oyarzabalek Anoetako zale guztien txalo zaparrada. Izan ere, hilabete luzeen eta gogorren ondoren, iritsi zen ordua elastiko atzean hamar zenbakia duen jokalariarentzat. Partida horren amaieran, kapitainak prentsa aretoan hitz egiten du, eta amaitutakoan, bideoan ikusten da nola Imanolek besarkada indartsu bat ematen dion Oyarzabali, burua astinduz, eta bularrean birritan kolpatuz. Egungo Realaren nortasunaren erakusle.

Berdegunera salto egin ostean, dena biribiltzeko hurrengo pausoa falta zitzaion Oyarzabali: gola sartzea. Eta zer hobeto, Athleticen aurkako derbian baino; penaltiz, gainera. Reala 2-1 irabazten ari zen, eta 59. minutuan penalti bat dagoela agintzen du epaileak. Oyarzabal une horretan jokatzen dago, eta berak hartzen du ardura hamaika metroetatik jaurtitzeko. Ohikoa duen patxadarekin, Unai Simon Athleticeko atezaina engainatu, eta haren eskuineko aldetik sareratzen du baloia.

Une horretan Anoetak eztanda egin zuen: eibartarra harmailetara hurbiltzen da gola ospatzeko. Hunkituta dago, pasatu dituen hilabete gogorrak gogoan, ziur aski. Taldekideei besarkatu, berriro ere harmailetara begiratu, besoak altxatu, zaleei muxuak bota, eta Realeko armarriari musu ematen dio. Kolore txuri-urdinak sentitzea zer denaren adierazle.

Goleko ospakizunaren amaieran, Oyarzabal Realeko lantalde osoarengana joaten da, lesionatuta egon den momentu guztian gertu izan dituenen pertsonengana, alegia. Realeko prestatzaile fisikoak keinu hori eskertu du: «Hunkigarria izan zen. Horrek asko esaten du Mikel zer nolako pertsona den. Beti eskertzen da berarekin egin dugun lan guztia».