INFO

Beti Onak garaipenaren bidera itzuli da eta Bera Beraren bolada onak ez du etenik

Beti Onak talde atarrabiarra garaipenaren bidera itzuli da Motive.co Gijon garaituta (26-24). Garaipen garrantzitsua izan da nafarrentzat, play-out postuak atzean uztea ahalbidetu baitio. Bera Bera, bere aldetik, sasoi onean murgildurik dago. Granollersen aurka ligako 12. garaipena lortu du (29-26).

Beti Onak taldeko jokalariak ligako beste garaipen bat ospatzen. (Iñigo URIZ | FOKU)

Beti Onak, azken lau partidetan garaipenik ezin erdietsita egon ostean, play-out postuetara jaitsi zen. Motive.co Gijon talde indartsuaren bisita jasotzen zuen larunbat honetan eta nafarrek, hasiera hasieratik, argi izan dute gaur garaipen bat izan zezakeen garrantzia. Hainbeste, sekulako hasiera sinatu dutela. 3-0 lehendabizi, ondoren markagailua 5-1 jartzeko eta ordu laurdenaren aurretik, 7-2ko distantzia ezarriz.

Lehen zatiaren azken txanpan, asturiarrek apur bat estutu dute eta markagailuan hurbiltzea lortu dute (9-7). Etxekoek, baina, ez dute burua galdu eta atsedenaldira hiru goleko aldearekin iritsi dira (13-10).

Bigarren zatiaren hasiera erabat parekatua izan da. Kolpeak elkatrukatu dituzte baina Lyndie Tchaptcheten kanporatzeak min eman dio Beti Onak taldeari. 16-13ko gola egin bezain laster, pibotea kanporatua izan da eta 17-16ra hurbildu dira Xixongoak.

Ainhoa Garciak 18. gola egin eta arnasa hartu du Miguel Etxeberriak zuzendutako taldeak. 4-0eko partziala ezarrita –Macarena Sans, Retegui, Ayelen eta Loveraren golekin–, markagailuko aldeak handitu eta garaipena marrazten hasi dira nafarrak (22-17, 48. minutuan). 

Alde hori iraultzea ezinezkoa egin zaie kanpokoei, nahiz eta azkenerako markagailuan apur bat hurbiltzea lortu duten (26-24). Nolanahi ere, garaipenak ez dio ihes egin Beti Onaki eta bi puntu hauekin, play-out postuak atzean utzi ditu eta zortzigarren postura igo da.

Bera Beraren hamabigarrena

Bera Berak ere garaipena erdietsi du larunbat honetan, 2023. urtean etxean jokatu duen lehendabiziko partidan, Granollersen aurka (29-26). Eta gauzak ez dira aldatu talde donostiarrean: ligako bolada onak aurrera jarraitzen du eta hamabigarren garaipena lortu du, denak elkarren jarraian.

Lehen sailkatuak dira donostiarrak, alde handiz, eta erritmo honetan jarraituz gero, liga borrokako kanporaketetan ere faborito nagusia izango da, ez soilik egungo liga txapelduna delako.

Granollersen aurka ondo hasi dute partida baina Alba Menendezen kanporatzearekin, gora etorri dira kataluniarrak, 7-7 berdinketa lortuz, 17. minutuan. Esther Arrojeriak segidan egindako bi golei esker aldeak handitu ditu berriro ere etxeko taldeak (10-8). Giuliana Gavilanen hiru gol eta Mariane Fernandesen bati esker, bi goleko alde hori mantentzea lortu dute atsedenaldiaren aurretik (14-12), tartean Capdevilak bi gol eginda, aldeak murriztea lortu baitu.

Bigarren zatiaren hasieran gehiago izan da Bera Bera. Hasi bezain laster bi gol egin (Karsten eta Arcos protagonista) eta aldea lau golera handitu du. Ez du amore eman Granollers borrokalari batek baina Arcosen minuturik onenaren aurrean, ezer gutxi egin ahal izan dute. Beste hiru gol egin ditu eta 20-15eko markagailua ezarri du 40. minutuan.

Bost goleko aldea mantentzea ez zaio zaila egin Imanol Alvarezek zuzentzen duen taldeari, hein handi batean Karsten ere inspiratuta ibili baita. Argentinarrak lau gol egin ditu, bere herrikide Gavilanek bezainbeste. Arcos nabarmendu da atearen aurrean, guztira 7 gol eginda.

Azken txanpan, Capdevila eta Vegue-ren gol banarekin markagailua apur bat estutu dute kataluniarrek (28-26) baina azkenean, Laura Hernandezek gola egin eta garaipena ziurtatu du (29-26).