INFO

Zaldibar: erantzukizunak bere gain nork hartuko zain, hiru urte eta gero

Hiru urte beteko dira bihar Eitzagako zabortegia AP-8aren gainera erori zenetik, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze lurperatuz. Pandemiak auzia bigarren mailara eraman, baina erantzukizun legalak oraindik ebazteke daude Durangoko epaitegi batean. Kontrol ezaren ebidentziak, baina, nabarmenak dira.

Josu Erkoreka eta Arantxa Tapia sailburuak, zabortegira 2021eko otsailean, lehenengo urteurrenean, egindako bisitan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Covid-19a iritsi aurreko garaia iragan urrunera bidaltzen duen arrakala tenporal bortitza sortu zuen pandemiak. Zero urte bat. Horrela bakarrik uler daiteke memoria kolektiboak Eitzagako zabortegiaren hondamendiarentzat gordeta daukan tokia. Hiru urte beteko dira bihar, 2020ko otsailaren 6an ia milioi bat metro kubiko hondakin AP-8 autobidearen gainera erori zirenetik, bidean Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze lurperatuz. Harrezkeroztik, ahanztura tonak gehitu zaizkie orduan amildutako hondakinei.

Denboraren linealtasunaren haustura hau ederki etorri zaio Lakuari, hasieratik izan baitu helburu nagusi bezala ardurari ihes egitea. Baina ez PSEk –Iñaki Arriola sailburuaren eta Jose Ignacio Barinaga Verter Recycling Eitzagako zabortegiko enpresaren jabearen arteko harremana ezagututa–, ezta EAJk ere –kontrol falta ikusita–, ez daukate horren erraza erantzukizunari iskin egitea. Ez politikoki, ez eta judizialki ere, ingurumenaren kontrako delituengatik auzia irekita baitago oraindik.

Gaiak auzitegietan jarraitu duen bidea bikoitza izan da, epaitegiek ez zituztelako batu nahi izan lan eskubideen kontrako delituengatik abiatutako auzia eta ingurumenaren kontrako delituengatik irekitakoa. Lehenengoa dagoeneko itxita dago; bigarrenak bide luzea dauka aurretik.

Enpresa eta familien arteko akordioa

2021eko irailean Verter Recyclingeko hiru arduradun, Beltran eta Sololuzeren familiak eta fiskaltzak akordio bat itxi zuten lan istripuarekin lotuta zegoen auzia bukatzeko. Horretarako, Jose Ignacio Barinaga enpresaren jabeak, Arrate Bilbao gerenteak eta Juan Etxebarria ingeniari nagusiak familiak indemnizatu eta kondena bikoitza onartu zuten: urtebeteko kartzela zigorra laneko segurtasunaren kontrako delitu batengatik eta sei hilabeteko bi zigor zuhurtziagabekeriazko homizidioarengatik, bat langile bakoitzarengatik.

Osotara, bi urteko zigorra onartu zuten akusatuek, baina akordioak kartzela saihestea ahalbidetu zien.

Auzia azkar itxi izanak, ordea, ez zuen galarazi esparru honetan elementu esanguratsuak azaleratzea. Nagusiena, agian, Bizkaiko Lan Ikuskaritzak osatutako txostena izan zen. Honen arabera, enpresak otsailaren 3tik zekien zabortegian arrakala garrantzitsuak ireki zirela. Beltranek berak abisatu zuen. Baina enpresak ez zuen zabortegiko jarduera moteltzeko inolako neurririk hartu. Gainera, zabortegiaren kudeatzaileek ez zituzten langileak jakinaren gainean jarri. Honekin lotuta, Lakuak ez du sekula argitu enpresarekin 2020ko urtarrilaren 21ean egindako bileraren edukia.

Lan Ikuskaritzaren txostenean oinarrituta, Lan eta Enplegu sailak 300.000 euroko isuna jarri zion Verter Recyclingi istripua gertatu eta 32 hilabete beranduago, enpresaren likidazio fase betean.

Diru kontuek badute beste ibilbide paralelo bat. Lakuak beti esan du gorpuak bilatu –Sololuzerena topatu zen soilik– eta mendia egonkortzeko lanek sortutako gastuak –28,7 milioi euro– enpresak hartu beharko zituela bere gain.

Enpresa desagertze bidean, Arantxa Tapia sailburuak defendatu du badirela bide legalak diru hori norbanakoei exijitzeko, baina gaia auzitegi administratiboetan dago eta ez da oraino sosik berreskuratu. Antzeko kasu batean, Espainiako Auzitegi Gorenak bilaketa Administrazioak bere gain hartu behar duela ebatzi zuen.

Ingurumenaren auzia, mantso baina martxan

Ingurumenaren aurkako delituen auziak epailearen mahai gainean jarraitzen du. Ikaragarri mantso doa instrukzioa, baina badoa, Ekologistak Martxan-eko Carlos Alonso abokatuaren hitzetan. Akusazio popularra euren esku geratu zen, gainerako akusazioak kanpo geratu ostean.

Egunkari honek kontsultatuta, Iraitz Lazkano Elgetako alkateak azaldu du Udala ere kasutik kanpo geratu dela, eta Zaldibarkoa dela kasuan akusazio bezala epaileak mantendu duen udal bakarra. Javier Aldamiz abokatua kontratatu duela argitaratu zuen urtarrilean ‘Salto Diario’ komunikabideak. EAJko hautagaia izandakoa da Aldamiz.

Hori alde batera utzita, Alonsok hiru arrazoi nagusi ematen ditu kasuak daraman erritmo motela azaltzeko: teknikoki kasu oso konplexua da, epaitegiaren baliabideak eskasak dira, eta auzian inplikatutako aktore kopurua handia da: «Deklarazio batzuk atzeratu dira abokaturen batek beste epaiketa bat zuelako, adibidez, eta hori gertatzen denean, deklarazioa hilabete batzuk beranduago programatzen da, prozesura luzatuz».

Adibide gisa, kasuko inputatu nagusiek –berriz ere, Barinaga, Bilbao eta Etxebarria– ez zuten 2021eko abenduaren 20ra arte deklaratu. Ez zuten galderarik erantzun.

Honek ez du esan nahi, ordea, kasua geldirik dagoenik. Alonsoren arabera, fiskaltza aktibo egon da, eta bere lanari esker inputatu zituzten azaroan Lakuako Ingurumen Saileko hiru teknikari eta Geyser HPC enpresako bost teknikari, epaileak prebarikazio zantzuak topatu ostean. Martxo eta apirilean deklaratuko dute.

Instrukzioak dokumentazio andana pilatu duela azaltzen du Alonsok, epaiketara iristeko oraindik denbora dezente beharko dela aurreratuz. Ertzaintzaren Ingurumen unitateak txosten baliotsuak egin dituela dio, Lurralde Antolamenduaren kontrako delituak egon litezkeela iradokiz. Estatuko Fiskaltza Orokorraren Ingurumen eta Hirigintza Unitateak enkargatua daukan txostena ere bidean dago.

Ebidentziak mahai gainean

Asko dira, edonola, enpresaren eta administrazioaren papera kolokan jartzen duten egitateak. Lehenengoak oso azkar iritsi ziren, Euskal Herriko komunikabide gehienek bere alea jarri baitzuten gertatutakoa argitzeko.

Amiantoak eman zuen lehenengo sorpresa. Jatorriz, zabortegiak ez zuen amiantoa pilatzeko baimena, baina geroago lortu zuen, isiltasun administratiboaren bidez. Alegia, eskaera egin zioten Lakuari, eta erantzunik jaso ez zutenez, hondakin arriskutsu hau jasotzeko baimena automatikoki lortu zuten. Honek bere ifrentzua dauka: Administrazioak bazekien amiantoa zegoela hondakinen artean, baina lehenengo orduetan ez zuen abisurik eman, eta bilaketa lanak beharrezko babes egokirik gabe egin zituzten langileek eta suhiltzaileek. Laster jakin zen azken ikuskapenean –istripua baino hiru hilabete lehenago– 23 arau hauste detektatu zirela zabortegian.

Informazioak pilatzen joan ziren lehenengo asteetan, pandemiak aktualitatea erabat jan arte. Orduan jakin zen ahal baino hondakin gehiago ari zela pilatzen zabortegia. Adibidez, 2018an 154.000 tona hondakin metaliko jaso zituen, muga legala 70.000 tonakoa zenean, GARAk argitaratu zuenez. Administrazioaren datuak ziren, beraz, Lakuan bazekiten edo jakin zezaketen.

‘Berria’-k kamioi gidari baten testigantza gordina argitaratu zuen: «Inork nahi ez zituen hondakinak joaten ziren Verterrera». ‘Argia’-k 2018an zabortegiak baimenduta ez zeuzkan 64.500 tona hondakin pilatu zituela ezagutzera eman zuen. Eta Vocento taldeak argitaratutakoaren arabera, Verter Recycling-ek Lakuako Gobernuak onartutako proiektua zeharo aldatu zuen, behar bezala jakinarazi gabe.Alegia, administrazioaren baimena LKS ingeniaritza enpresaren proiektu batekin lortu zuen, baina, gero, benetan exekutatu zuena Eitzagan, Geiser HPC enpresak egindako proiektu bat izan zen, zeharo desberdina.

Gero pandemia heldu zen. Ezagutu ziren, hala ere, aditu desberdinen txosten berriak. Denek norabide bera erakusten zuten: kontrol falta erabatekoa. Koronabirusak, ordea, apenas utzi zion lerrobururik auziari. Memoria ariketa, beraz, garrantzitsua da.

Bi geologo taldek, bakoitzak bere aldetik, zabortegiak 2016tik arrisku zantzuak erakutsi zituela ebatzi zuten, hala nola segurtasun kontrolak eskasak izan zirela orokorrean. Ondorio are gordinagoak atera daitezke Cedex Estatu espainiarreko erakunde publikoak osatutako 324 orriko txosten marduletik, erori zenerako, zabortegiak itxita behar zuela ondorioztatu baitzuen, ‘Berria’-k ateratako informazioaren arabera.

Erantzukizun bila

Enpresaren ardura dagoeneko eztabaidaezina da. Horrela onartu dute bere arduradunek akordioarekin itxitako auzian. Eta zaila dauka Lakuako Gobernuak bereari iskin egitea, Europako Batzordeak hiru orriko txosten batean, Lakuak berak bidalitako informazioa oinarri hartuta, legearen arabera jokatu zuela esan arren. Ardura legala ebaztea Durangoko epaitegiaren esku dago.

Baina epaileak administrazioa legalki errugabetuko balu ere, zilegi da galdetzea ez ote litzatekeen absoluzio hori sistema baten aurkako kondena. Izan ere, ikusitakoak ikusita, arduratsua al da, 2000tik aurrera EAEn Josu Jon Imazen agindu bati esker egiten den bezala, osasunarentzat kaltegarriak diren enpresen jardueraren kontrol gehienak enpresa beraren esku uztea?