INFO

Armagabetzearen aldeko Luhusoko ekimenaren gaineko instrukzioa amaitzear da

Sei urte pasa dira Luhuson ETAren armagabetzea blokeo egoeratik ateratzeko xede jardun zuten bost herritar atzeman zituztenetik. Instrukzioa bukatzear zela zirudienean, akusazioaren abokatuetako batek «zigilu-irekitze» baterako deia jaso du urtarrilean. Horrek luzatu dezake gehiago prozedura.

Milaka lagunek parte hartu zuten Luhuson gertaturiko polizi operazioa salatzeko mobilizazioan. (Bob EDME)

Frantses Poliziak Luhuson burutu zuen operaziotik sei urte bete zirenean, epaileak ikerketa bukatutzat eman zuen azaroa eta abendua artean, prokuradoreari zein defentsari horren berri emanez.

«Atentatuak prestatzeko armak ukaitea» litzateke ikerketaren funtsa. Aldiz, Stephane Etchegarayren abokatuak, Jean-François Blancok, deialdi bat jaso zuen urtarrilaren 31n zigilu-irekitze bat burutzeko, 2017an eskaturiko material informatiko batekin lotua.

Horrendako, «instrukzioaren heste berri baterantz goaz», baieztatu dio Blancok Mediabask hedabideari. Akusazioaren abokatuak luzaturiko eskaerak luzapen berria ekarriko du.

Behin ikerketa bukatu eta, prokuradoreak hiru hilabete izanen ditu bere errekisizioak aurkezteko, baina epea orientagarria baino ez da, akusatuetako bat ere ez baitago kartzelan.

Jean-François Blancok ez du auzirik aurreikusten 2024ra arte.

Terrorismoaren kontrako epaiketak hiru aukera izanen ditu. Batetik, bost herritarrek atentatu bat prestatzen ari zirelako akusaziopean, bizi diren hiru ekintzaileak  Pariseko auzitegi berezian auzipetu ditzaten galdegitea, «ekintza kriminalengatik». Bigarren aukera litzateke auzitegi korrekzionalean epaitzea. Azkenik, auziaren artxibatzea galdegitea ere gerta liteke. Justuki, hori da hiru herritarren defentsak eskatuko duena.

Izen handiko bost herritar

ETAren armagabetzea ez aurrera ez atzera zelarik hain zuzen armak deuseztatzeko jardun zuten herritarrak atzeman zituen frantses Polizia operazioa iragan zen Luhusoko herrian 2016ko abenduaren 16an.

Erreferentzialtasun handiko bost lagun atzilotuak izan ziren: Jean-Noël ‘Txetx’ Etcheverry, Mixel Berhokoirigoin, Mixel Bergouignan, Stephane Etchegaray ‘Etxe’ eta Beatrice Molle-Haran.

Geroztik atxilotuetako bi hil dira. Mixel Bergouinan 2017an zendu zen eta Mixel Berhoikoirigoin, berriz, 2021ean.