INFO

Maite Mutuberriak diseinatutako kartelak iragarriko du Itzuliaren 62. edizioa

«Bueltatu, biratu, irauli. Lehen begi-kolpean, itzuli hitzaren adiera nabarienak irudikatzen ditu kartelak». Hala deskribatu du egileak apirilaren 3tik 8ra egingo den Itzuliaren kartela.

Maite Mutuberria, Itzulia 2023ko bere kartelarekin eta zenbait ordezkarirekin batera. (IREKIA)

Arte Ederren Bilboko Museoan aurkeztu da astelehen honetan Itzuliaren 62. edizioa iragarriko duen kartela. Azken lau edizioetan egin den bezala lan literarioen ilustrazioa kategorian Euskadi Literatura Saria irabazi duen pertsonak diseinatu du Itzuliaren kartela. Aurten Maite Mutuberriaren lanak iragarriko du txirrindularitza lasterketa. Mutuberriak “Irrimola” lanarekin irabazi zuen Euskadi Literatura saria.

Itzuliaren 62. edizioa apirilaren 3tik 8ra egingo da. Gasteizen izango du irteera eta sei etaparen ondoren Eibarren amaituko da.

Maite Mutuberria Ikusentzunezko Komunikazioan lizentziatua da eta Ilustrazioan goi-mailako teknikaria. Hogeita hamar liburu baino gehiago ilustratu ditu, besteak beste, “Barruko hotsak”, “Joemak eta polasak”, “Lilo” eta “Xomorropoemak”. “Lohia” eleberri grafikoaren egilea da baita ere. Kirico, Lazarillo, Peru Abarka eta Etxepare sariak jaso ditu eta bere lana 2022ko Katalogo Iberoamerikarrean aukeratu dute.

Gaurko aurkezpenean Maite Mutuberriak berak azaldu du kartelaren sormen prozesua: «Bueltatu, biratu, irauli. Lehen begi-kolpean, itzuli hitzaren adiera nabarienak irudikatzen ditu kartelak. Aldi berean, txirrindulariek lasterketan egiten duten ahalegin itzela islatu nahi izan dut. Sisiforen harkaitza bailitzan, txirrindulariek bizikleta gailurrera bultzatzen dute, berriz ere haranera jaisteko, itzulinguru etengabe batean».

Diseinuari dagokionez, Itzuliak berezko dituen koloreak erabili ditu «ohiko berde, gorri eta zuriak biziagotuz, lasterketa egunetan gure inguruetan bizi den giro alaia iradokitzeko. Kolore hauei gainera, maillotaren hori deigarria gehitu diet», adierazi du. Egileak gaineratu duenez, «lana burutzeko XX. mende hasieran murgildu naiz, Itzuliaren sorreraren garaian. Orduko euskal margolarien lanak arretaz eta plazerrez begiratu ditut, tradizioa irudikatzeko zuten modu, tonu eta forma estilizatuetatik zerbait ikasi nahian».

«Goi-mailako euskal artistak»

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Lakuako Gobernuko bozeramaile Bingen Zupiria sailburuak azaldu duenez, «Gerra Zibila baino lehenago goi-mailako euskal artistak arduratzen ziren Itzuliaren kartelak egiteaz eta 2019an ohitura hori berreskuratzea erabaki genuen. Euskal sortzaileei beren lana erakusteko aukera berriak eta ohikoa ez den publiko zabal batengana heltzeko aukera eskaintzen die ekimen honek». 2019tik Yolanda Mosquerak, Asisko Urmenetak, Miren Asiainek eta Javier de Isusik diseinatu dituzte Itzuliako kartelak. Denak daude Arte Ederren Bilboko Museoan gordeta.

Aurkezpenean Julian Eraso Itzuliaren antolatzaile den OCETA-ren (Euskadiko Txirrindularitza Erakundeak) presidenteak eta Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak parte hartu dute ere.