Sancet, giltzarri eta etengabeko hazkundean
Taldeko golegile nagusia, Ligako partida guztietan parte hartu du eta, Valverdek onartu zuen moduan, gaur egungo Athleticentzat «beharrezkoa» da. Zelai erdian jokatzera ohitzen ari da denboraldi honetan eta ematen duen maila erabakigarria izango da Europako trenera igo ahal izateko.
«Oihan, Oihan, Oihan...» abestuz agurtu zuen ostiralean herri harmailak San Mamesen egindako erakustaldia eskertzeko. Taldekideek zerurararte altxatu zuten aldagelan Cadizen aurkako hiru golak ospatzeko. Harro, pozik eta hunkituta agertu zen, sentitzen zuena adierazteko hitzak aurkitu gabe. «Sinestezina da», gaineratu zuen oreinaren adarrak aterata golak ospatzen dituen jokalariak.
22 urte ditu eta dagoeneko bigarren aldia da «hat trick» bat egiten duela. Azken hamarkadetan oso jokalari gutxik lortu dute kamiseta zuri-gorriarekin. Julen Guerrero, Urzaiz, Llorente, Aduriz... izen handi eta esanguratsuak, Athleticen ikurrak izan direnak erasoan.
Sancetek ere maila horretara iristeko aurrera pausu nabarmena eman du denboraldi honetan. Taldeko golegile nagusia da, sartutako 7 golekin, eta Ligako partida guztietan parte hartu du. Valverderentzat jokalari garrantzitsuenetako bat da eta hamaikakoan izan da norgehiagoka gehienetan.
Mestallan jokatutako Kopako kanporaketan eta Balaidosen aulkian geratu zen, baina hasieratik aritzeko aukera eman zion entrenatzaileak Cadizen kontra. Hil ala biziko partida zen zuri-gorrientzat eta bolada txarrari amaiera emateko erasora jotzeko hautua egin zuen Valverdek.
Vesga, Sancet eta Muniain zelairatuz, denboraldi hasieran egindako apustua berreskuratu zuen eta emaitzak arrazoia eman zion. Zuri-gorriek defentsan arazoak izan zituzten arren, Cadizen atzeko lerroan sortutako desoreka, bigarren lerrotik heldu eta golak egiteko erabili zuen Sancetek.
Garitanorekin punta erdi bezala egin zuen debuta eta Marcelinorekin bigarren aurrelaria izatera moldatu ostean, euskarri postura egokitzen ari da orain nafarra. Etengabe hazten dabil. Jokaldiak bukatzeko daukan gaitasunarekin batera, baloia banatzerakoan ere lagundu dezakeela uste baitu entrenatzaileak. «Behar dugu», berretsi zuen Valverdek.
Kontratuaren luzapena?
Sancet jokalari erabakigarriena da gaur egungo Athleticen eta Europako trenera igotzeko giltzarri. Azken garaipenarekin, seigarren postutik bi puntutara kokatu dira zuri-gorriak. Lesioek uzten badiote, bere mailarik onena ahalik eta partida gehienetan erakustea da bere hurrengo erronka. Erregularragoa izatea, alegia.
Etorkizun hurbilean taldearen ikur nagusia izateko dohaiak dauzkala erakutsi du. 2024an amaitzen zaio kontratua eta 45 miloi euroko etete klausula dauka. Bere asmoen inguruan galdetuta ordezkariaren esku utzi ditu kudeaketaren nondik norakoak azken aldian. Hala ere, irailean ‘Berria’ egunkarian egindako elkarrizketa batean argi utzi zuen «oso gustura» dagoela Athleticen eta urte asko egotea espero zuela.
Zurrumurruak ohikoak dira futbolaren munduan eta argitaratzen diren Ingalaterrako taldeen interesa piztu izana ez litzateke harritzekoa izango. Orain dela aste batzuk ere bere taldekide den Nico Williamsek Aston Villaren eskaintza bati ezezkoa erantzun ziola zabaldu zen. Hegaleko jokalariaren kontratua ere 2024ean amaitzen da eta 50 miloi eurotako etete klausula dauka. Felix Tainta da bi nafarren ordezkaria.
Athleticen Zuzendaritza Batzak hilabete honetan aurkeztu behar du klubaren inguruko diagnostikoa eta egoera ekonomikoari buruzko plangintza. Sancet eta Nico Williamsen kontratuak luzatzea derrigorrezkoa da kirol arloan bete nahi diren helburuei erantzun ahal izateko.
Malcom Adu Ares Bilbao Athleticekin
Bigarren taldeak berdinketa bat atera zuen azken jardunaldian Tarragonan. Puntuak sailkapenean ezer gutxirako balio dion arren, bolada onari jarraipena ematea lortu zuen Bilbao Athleticek. Bederatzi puntutako aldea daukate jaitsiera postuetatik ateratzeko. Malcom Adu Ares hamaikakoan sartu zen eta gol aukera politak izan zituen. Lehen jardunaldian Athleticekin debuta egin ostean, Cadizen aurkako deialdian sartu zen, baina ez zuen jokatu. Hutsean amaitu zen Nasticen kontrako partida, Ispizua atezainak ere geldiketa on batzuk egin baitzituen.
Bestalde, neguko merkatuan Amorebietara utzita joan zen Ewan Urain aurrelariak bere lehen gola egin zuen Sabadell taldearen aurka. Gurpegiren Basconiak, berriz, Barakaldo liderraren aurka galdu zuen etxean (0-1) eta laugarren postura jaitsi dira Hirugarren mailan. Gazteen Ohorezko mailan Athleticek sailkapenaren goikaldean jarraitzen du Tudelanoren zelaian irabazi ondoren (1-2). Albonigak eta Vicandik egin zituzten golak.