INFO

Herrian Bizi plataformak «mobilizazio orokor» baterako deia egin du apirilaren 1erako

Herrian Bizi - Se loger au Pays plataformak apirilaren 1ean antolatu duen manifestazioa «mobilizazio orokorra» izatea nahi du. Egun horretan Baiona «etxebizitza eskubidearen aldeko aldarrikapen eremu» bilakatu dadin, 30 bat eragile biltzen dituen plataformak biltzarra deitu du otsailaren 23an.

Herrian Bizi -Se Loger au pays plataformako kideek otsailaren 6an pentsaurrekoa egin zuten Biarritzen. (Guillaume FAUVEAU)

Herrian Bizi - Se loger au Pays plataformak apirilaren 1ean antolatu duen manifestazioa «mobilizazio orokorra» bilakatzea nahi luke.

Otsailaren 6an Biarritzen eginiko agerraldian plataformako hainbat ordezkarik oroitarazi zutenez data horrek ««neguko su-etenaren bukaera markatzen du». Frantziar legearen arabera neguko hilabetetan ezin direlako maizterrak etxetik bidali.

Horretaz gain, apirilaren 1ean 15.00etan Suprefetura aitzinetik abiatu eta Xaho kaian bukatuko den martxak bat egingo du etxebizitza eskubidearen aldeko Europako ekintza egunarekin.

Manifestazioaren egunean, eguerditik aitzin, Lapurdiko hiruburua etxebizitzaren inguruko aldarrikapen gunebilakatzea nahi du Herrian Bizi - Se loger au Pays plataformak. Hala, hainbat kultur ekimen antolatuko dira.

Horrendako, apirilearen 1a hitzordu arrakastatsua izan dadin laguntzeko prest diren guztieri otsailaren 23an, arratsaldeko 19.00etan Itsasuko Sanoki gelan antolatuko biltzar irekian parte hartzeko gonbidapena egin diete plataformako kideek.

2021eko azaroaren 20an 8.000 lagu inguru bildu ziren etxebizitza eskubidearen defentsan Baionan antolaturiko manifestazioan.

Heldu den apirilaren lehenean manifestari kopuru hori emendatzeko helburua finkatu du iazko azaroan formalki plataforma gisara antolatzea erabaki zuen Herrian Bizi - Se loger au Pays-ek.

Lehenengo manifestazioak bildu zuen atxikimendu handiak lehen urratsak emateko aukera zabaldu bazuen ere, etxebizitzaren krisia konpontzetik urrun dagoela ohartarazi dute plataformako kideek.

Alokairu turistiken gaineko auzia

Oroitzearren, heldu den ostiralean iraganen da Paueko Administrazio Auzitegian alokairu turistikoen gaineko auzia.

Euskal Elkargoak gehiengo zabal batez onartu zuen, 2022ko martxoan, alokaitu turistikoak mugatzeko konpentsazio araudia.

Horren arabera, higizinen tentsio handiko gunean kokatzen diren 24 udalerritan merkatuan turismorako egoitza bat eskaintzen duen etxe jabe orok bigarren bat urte osorako alokairuan eskainu beharko du.

Izan ere, araudiaren kontra helegiteak ezarri zituzten hainbat etxe jabek. Haien salaketak ez zuen lortu lege berriaren ibilbidea blokeatzea, Paueko Auzitegiak arauaren etenaldia altxatu zuelako iragan irailean.

Edonola ere, aipaturiko ebazpenak ez zuen mamiari buruzko eztabaida argitu eta ostiralean aurreikusuta dagoen auziak martxoaren 1ean indarrean sartzekotan den neurriaren ibilbideari eragin diezaioke. 

Ez da hori etxebizitzaren eskubideari dagokion auzi bakarra. Azkeneko hilabeteetan besteak beste Alda! mugimenduak agerian jarri du behin eta berriro maizterrek jasaten dituzten abusuak.

Era berean, han eta hemen, higizinen eta lurraren gaineko espekulazioa salatzeko taldeak edo herri ekinenak antolatu dira berdin Kanbon zein Saran.

Herrian Bizi - Se loger au Pays plataformak espero du toki mailako aitzinamendu berriak ez ezik, «denentzako etxebizitzaren aldeko politikak eta bilakaera legegileak» izanen direla ondoko hilabeteetan.