INFO

Sei gudari eta milizianoren gorpuzkiak familiei entregatuko zaizkie larunbatean

Datorren larunbatean, hilak 11, Begoñan eta Gamiz-Fikan identifikatutako sei gudari eta milizianoen gorpuzkiak familiei entregatuko zaizkie, Gogora Institutuaren egoitzan egingo den ekitaldi batean.

Indusketak Begoñako hilerrian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Patxi Jaka Bikandi, Jose Martin Arrieta Ikaran, Martin Fabo Colera, Ramon Crespo Ortiz, Fernando Lahera Urrutia, eta Inazio Lopetegi gudari eta milizianoen gorpuzkiak beraien familiei entregatuko zaizkie datorren larunbatean ospatuko den ekitaldi batean, Gogora Institutuaren egoitza, Bilbon.

Jaka Bikandirenak Gamiz-Fikan aurkitu zituzten 2019an eta besteak Begoñako hilerrian, Bilbon. Larunbateko ekitaldian gorpuzkiak aurkitu eta lurpetik atera diren inguruabarrak, eta biktimen eta haien familien historiak eta gertakariak azaltzen dituzten bideo bi emango dira. Halaber, identifikatutako biktimen objektu pertsonal batzuen erakusketa txiki bat jarriko da ikusgai.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak eta Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak emango dizkiete gorpuzkiak familiei.

Patxi Jaka Bikandi (Zornotza), Izquierda Republicanari atxikitako Zabalbide Batailoiko milizianoa izan zen eta haren gorpuzkiak Gamiz-Fikan desobiratu zituzten 2019ko ekainaren 9an. Memoriaren Institutuaren datu-baseari esker identifikatu ahal izan dira. Dokumentazio historikoaren eta inguruko borroken kronologiaren arabera, Patxi Jaka 1937ko ekainaren 11 inguruan hil zen, baina haren heriotza ez zen inon erregistratu.

Ramon Crespo Ortiz eta Fernando Lahera Urrutia UGT sindikatuari atxikitako Jean Jauresen batailoian borrokatu zuten eta Lanestosakoa eta Sopuertakoa ziren, hurrenez hurren. Inazio Lopetegi Oliden, aldiz, zumaiarra zen eta ELA-STVri atxikitako San Andres batailoiko gudaria izan zen. Hauen gorpuzkiak Bilboko Udalaren ’Begoñako Argia’ proiektuaren baitan aurkitu zituzten, 2022ko martxoan, beste 40 pertsonen gorpuzkiekin batera.

Jose Martin Arrieta Ikaran (Markina-Xemein), EAE-ANVko Olabarri Batailoiko gudaria, Solluben zauritua, Basurtuko ospitalean hil zen 1937ko maiatzaren 9an. Egun batzuk geroago, Martin Fabo Colera martzillarra, Otxandioko batailoiko gudaria, Urduñan zendu zen, 23 urte zituela. Iaz atera zituzten Begoñako hilerritik eta, bi kasuetan, Gogora Institutuaren datu-basean agertzen zen ehorzketa lekua, baina familiek ez zekiten.