Urrezko Pala Pro, Mungian jokatuko den Binakako txapelketarik «bereziena»
Zortzi palista arituko dira ostiralean hasiko den eta xarma berezia duen txapelketan: ez daude bikote finkoak eta astero pilotari bakoitzak bikotekide berria izango du. Bertan arituko dira iazko txapeldun Necol eta Ibai Perez, baina azken hau duda da besoan duen minagatik.
Larunbatean palako Buruz Buruko txapelketako finala jokatu zen, eta egun batzuk besterik pasa ez direnean, hemen da dagoeneko Urrezko Pala Pro txapelketa, Mungian jokatuko den Binakako txapelketarik «bereziena», asteazken honetan egindako aurkezpenean protagonistek aitortu dutenez.
Tradizioz beteriko tokia da Mungia, eta baita palan ere. Bertako txapelketan irabazi dutenen artean izen bereziak daude: Pablo Fusto (2015, 2016, 2017 eta 2018), Xabier Ibargaray (2015, 2018 eta 2020), Ibai Perez (2017, 2019 eta 2021), Esteban Gaubeka (2019 eta 2020), Sylvain Brefel (2016) eta Dan Necol (2021).
Azken honek, alegia, iazko txapela defendatzen saiatuko da. Larunbatean Buruz Burukoa jantzi zuen eta orain txipa aldatu beharrean dago. Berarekin batera beste pilotari hauek arituko dira: aurrelarien artean, Gaubeka, Fusto eta Maldonado arituko dira gorriz jantzita joango den palistarekin; eta atzelarien artean Ibai Perez, Gordon, Urrutia eta Alkorta arituko dira.
"Mungia formula" deritzon sistema 2016an instalatu zenetik, txapelketak xarma berezia hartu du. Izan ere, ez daude bikote finkoak, astero pilotari bakoitzak bikotekide berria izango du eta, hala, pilotari bakoitzak «bere puntuak irabazi behar ditu», Ibai Perezek adierazi duenez. Beraz, 3-0eko markagailua ematen bada, 100 puntu banatuko dira irabazle bakoitzarentzat eta zero galtzaile bakoitzarentzat; 2-1ekoarekin, 80 eta 20; eta 3-2koarekin, 60 eta 40.
Txapelketa ostiral honetan hasiko da, bi partidekin: Fusto-Gordon eta Maldonado-Urrutiaren aurkako neurketa eta Necol-Alkorta eta Gaubeka-Ibai Perezen artekoa. Urrezko Pala Pro txapelketak beste bost jardunaldi gehiago izango ditu –itzuli bikotza, denak denen aurka– otsailaren 17an eta 24an, eta martxoaren 3an, 10ean eta 17an. Jaialdi guztiak 19.00etan hasiko dira.
Finala, berriz, martxoaren 25ean jokatuko da, ETBk zuzenean emango duelarik. Puntu gehien batu dituzten aurrelari eta atzelari onenak arituko dira bertan.
Ibai Perez duda da
Kasualitateak kasualitate, iragan larunbatean Buruz Buruko finala jokatu zuten bi palistek irabazi zuten iazko txapelketa: Dan Necol eta Ibai Perez. Beraz, biek defendatuko dute txapela.
Hala ere, biak ez dira momentu berean iristen. Necol moralez gainezka iritsiko da Buruz Burukoan lortutako txapela «lagunekin disfrutatu» ostean. Haren ustez, txapelketarik «gogorrena» da Mungiakoa eta, nahiz eta hasieran pixka bat kostatzen zaion bere dimentsio luzeetara ohitzea, «orain ondo ezagutzen» duela aitortu du eta «ondo doakidan pilotaleku bat da, luzea delako eta potentzia dudalako», gaineratu du. Are gehiago, uste du «aurten ere irabaz dezakedala eta sentsazio onak izateko entrenatuko dut».
Bestalde, ikusi beharko da ea Ibai Perez ostiralerako iristen den. Aurkezpenean aitortu duenez, «mentalki izorratuta nago», baina baita fisikoki ere. Izan ere, larunbateko finaleko lehen setean mina hartu zuen besoan eta partida amaitzerakoan, «behin hotza zegoela, mina handiagoa nuen», azpimarratu du atzelariak.
Bere asmoa ostiralean jokatzeko prest egotea da. Ez du arriskurik hartuko, baina «ez dut jokatu gabe egon nahi ere», adierazi du. Gauzak hala, argi dagoena da «berriro hutsetik hasi» behar duela. «Txapelketa bat hasten denean nire helburua beti da txapela irabaztea. Ezingo dut entrenatu», gogoratu du. Ostiralean «itsuka» joango dela aitortu du.
Pilotalekuari dagokionez, «kosta» egingo zaiola ere gaineratu du, gehienbat sakean, baina ez du aitzakiarik ipini nahi izan eta jokatzeko prest baldin badago, «%100ean» etorriko dela azpimarratu du.
Urrezko Pala Pro - Egutegia:
Otsailaren 10ean: Fusto-Gordon / Maldonado-Urrutia. Gaubeka-Ibai Perez / Necol-Alkorta.
Otsailaren 17an: Fusto-Ibai Perez / Gaubeka-Gordon. Maldonado-Alkorta / Necol-Urrutia.
Otsailaren 24an: Fusto-Urrutia / Necol-Ibai Perez. Maldonado-Gordon / Gaubeka-Alkorta.
Martxoaren 3an: Fusto-Urrutia / Maldonado-Gordon. Gaubeka-Alkorta / Necol-Ibai Perez.
Martxoaren 10ean: Fusto-Gordon / Gaubeka-Ibai Perez. Maldonado-Urrutia / Necol-Alkorta.
Martxoaren 17an: Fusto-Ibai Perez / Necol-Urrutia. Maldonado-Alkorta / Gaubeka-Gordon.
Martxoaren 25ean: Finala.