INFO

Julene Urzelaik «gizarteari eta berdintasunari egindako ekarpena» omendu dute Azkoitian

Azkoitian Julene Urzelai Emakume Abertzale Batzaren mitinlariari omenaldia egin diote ostiral honetan, «gizarteari egindako ekarpenagatik eta berdintasunaren aldeko borrokagatik». Gaztetan hasi zen militantzian eta, gerran Caracasera ihes egin zuen arren, handik jarraitu zuen lana, Euskadi Irratian.

Eskultura batekin omendu dute Urzelai Azkoitian. (Irekia)

Julene Urzelai Azkoitian sortu zen 1912an, familia abertzale baten baitan. Hurtado de Mendoza txapel fabrikan lanean ari zela hasi zen mitinlari, 19 urte bete aurretik. Jendaurrean hitz egin zuen lehen aldia Azkoitian izan zen, Primo de Riveraren diktaduran erre zuten Batzokiko ikurrinaren zati bat berreskuratu zutela ospatzeko ekitaldi batean, Jose Antonio Agirrre eta Lauaxetarekin batera.

Gerra hasi zenean, 1936an, Euzko Geixozain Bazpatzea elkartean sartu zen, larrialdi zerbitzuak antolatzen eta ospitaleetan lan egiten, besteak beste. Irailean, hala ere, bere senideekin Azkoititik ihes egin behar izan zuen eta bidean Gernikako bonbardaketak bete-betean harrapatu zituen arren, onik atera ziren.

Frankistek heriotzara kondenatuta, EAJren laguntzarekin Parisera joan zen Urzelai eta han ezagutu zuen gerora bere senarra izan zen Frantzisko Zamakona bilbotarra. Han zegoelarik, Jaurlaritzak sortutako Eresoinka taldean aritu zen, musikarako dohainik ez bazuen ere.

1940ko maiatzean Venezuelara joan zen, han ezkondu eta bi seme-alaba izan zituen, Gentzane eta Mikel. Bertan urtebete pasatzeko asmoz baino ez zen joan, baina 1983an hil zen arte geratu zen eta seme-alabek Caracasen jarraitzen dute.

Ozeano Atlantikoaren beste aldetik Euskal Herrira lotuta jarraitu zuen, dena den, Euskadi Irratirako esatari euskarazko irratsaioak ematen. Erbesteratu zenetik, lau aldiz itzuli zen Euskal Herrira, 1976an azkenekoz.

Omenaldia eta erakusketa

Ostiral honetako omenaldian izan da Mikel semea, Caracasetik etorrita. Bere amaren ekarpena gogoratzeko, haren omenezko eskultura bat jarri dute bere sorterriko Trenbidearen Zumardian, Lourdes Umerez artista azkoitiarrak egina.

Bide batez, Urzelairekin batera Emakume Abertzale Batzak egindako lana balioesten duen ‘Emakumeak Aberria Eginez’ erakusketa ireki dute, otsailaren 26ra arte bisitatu ahal izango dena. Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak ekitaldian nabarmendu duenez, emakume hauek «funtsezko ekarpena» egin diote historiari.