INFO

Gizon bat atxilotu dute Lemoan hainbat pertsonari pistola batez mehatxu egiteagatik

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du bart Lemoan, aldean armak eramateagatik eta jaurtigairik gabeko pistola batekin zenbait pertsonari mehatxu egiteagatik.

Ertzaintzaren auto baten artxiboko irudia. (Gorka RUBIO | FOKU)

39 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak Lemoan, armak zeramatzalako, hala nola, aizkora bat eta bi labana. Pistola bat ere bazeraman, jaurtigairik gabekoa, eta atxilotu baino lehen hainbat pertsonari mehatxu egin zien harekin.

Bart gaueko bederatzi eta erdiak aldera jaso zuen abisua Ertzaintzak, adieraziz bazirudiela gizon bat su-arma batekin Lemoako taberna baten inguruan zegoen jendeari mehatxu egiten ari zitzaiola. Lekura iritsi zirenerako gizona bertatik alde egina zen eta haren bila hasi ziren agenteak.

Patruilek jakin ahal izan zutenez, inguruan jendea gogaitzen aritu zen atxilotua, eta hasiera batean alde egin zuen arren, gero pistolarekin itzuli zen, Ertzaintza iritsi orduko berriz ere alde egiteko. Ondoren egiaztatu zuten jaurtigairik gabeko arma zela.

Agenteek Lemoa inguruan aurkitu zuten atxilotuaren ibilgailua, eta ustezko mehatxatzailea atzeman ondoren, ibilgailua eta gizona bera miatu zituzten. Bere gauzen artean, legez kanpoko armak (makulu pistola bat eta txartel labana bat) eta aizkora bat aurkitu zizkioten, baita mehatxatzeko erabili zuen arma simulatua ere.

Horregatik, gizona atxilotu eta polizia-egoitzara eraman zuten. Atxilotua, armak legez kontra edukitzeagatik eta arma laburrarekin mehatxatzeagatik ikertzen ari dira, eta Durangoko Epaitegiaren esku jarriko dute dagozkion eginbideak amaitzen dituztenean.