INFO

Juan Karlos Herrador, baldintzapean aske, 16 urteko espetxealdia gaindituta

2007. urtean atxilotutako Juan Karlos Herrador Pouso donostiarrak baldintzapeko askatasuna eskuratu du eta ez da espetxera itzuli beharko.

Ocañara martxa egin zuten Antiguako auzokideek Herrador bertan zegoenean, sostengua adierazteko. (NAIZ)

Preso bat gutxiago dagoela jakinarazi du Etxeratek asteazken honetan. Izan ere, Juan Karlos Herrador Pouso donostiarrak (Antigua auzokoa) kartzelaldia guztiz amaitu du eta baldintzapean aske geratu da. Aurretik jada hirugarren graduan zen, iazko maiatzetik hain zuzen ere,

Ia 16 urte preso egin ditu Herradorrek, gehienak Toledoko Ocañako kartzelan. Bertatik Kantabriako Duesora lekualdatu zuten 2020. urtean. Jakinarazpen honetan, 2021. urtean zigorraren hiru laurdenak beteko zituela adierazi zuen Espainiako Gobernuko Espetxe Zuzendaritzak, baina azkenean gaur arte atzeratu dute epe horretan zegokion baldintzapeko askatasuna.

Duesotik Euskal Herrira (Basauri hain zuzen ere) ekarri zuten euskal preso hau 2022ko maiatzean, eta hirugarren gradua onartu zioten. Egoera horretan eman ditu kartzelaldiaren azkeneko bederatzi hilabete hauek.

Bere atxiloketa 2007ko udaberrian burutu zuen Guardia Zibilak, Donostian. Tortura gogorrak salatu zituen Juan Karlos Herradorrek, bai eta berarekin batera atxilotuta izan ziren gainerakoek. Gainera, hura berak jasandako bigarren tortura saioa zela gogora ekarri zuen Antiguako presoak; izan zen, hamar urte lehenago jada atxilotu zuen Guardia Zibilak eta tratu txarrak eragin zizkion.

Auzokideen sostengua izan du urte hauetan guztietan. Horren adibide, 2015ean Donostiatik Ocañara egindako martxa.

Asier Karreraren espetxeratzearen aurka Azkoitian

Beste alde batetik, Asier Karrera Azkoitian bizi den etxarriarra hirugarren gradutik bigarrenera itzularazi eta berriro espetxeratu izana gaitzetsi dute Urola Kostako udalerrian.

 

Asier Karreraren espetxeratzearen aurka Azkoitian. (Jon URBE | FOKU)