INFO

Sukalde elkarteak habanera berriarekin ospatuko ditu 50 urteak

Aurten Sukalde elkarteak 50 urte beteko ditu eta modu berezi batean ospatuko dute urteurrena. Ostegun Gizen gauean, ohiko afariaren ondoren, Koldo Tarragona elkarteko kide eta musikari ezagunak konposatutako habanera estreinatuko dute.

Koldo Tarragona musikaria, habaneraren egilea, Sukalde elkartearen irudi ezagunaren ondoan. (NAIZ)

Koldo Tarragona musikaria bere osaba Jose eta aita Luis Angelekin hasi zen akordeoia ikasten, eta 19 urte zituenetik Musika Eskolako akordeoi irakaslea da. Horretaz gain, berbena talde askorekin jo du (Minxoriak, Egan, Trabuko edo Irailerako 6), baita Niko Etxart edo Anje Duhalde musikariekin kolaboratu ere.

Sukalde elkartean 12 urte daramatza bertako txaranga zuzentzen. Orain dela bi urte elkarteko kideek urteurrenerako pieza berri bat konposatzeko eskatu zioten eta berak ilusio handiz hartu zuen enkargua.

«Argi neukan habanera bat konposatuko nuela, Sukaldek bere habanera propioa behar zuela. Izan ere –azaldu du– Ostegun Gizeneko afariaren ondoren habanera bat jotzen genuen, eta jendeak Sukalderena zela uste zuen, baina ez, ‘troika’ zen».

Horrela, koadernoa hartu eta melodia idazten hasi zen. Lan astuna izan dela dio. «Lehenbiziko ideia erraz etortzen zaizu, baina gero obra osoa konposatzea asko kostatzen da. Akordeak sortu behar dituzu, musika tresna bakoitzarentzat ahotsak egin, kontrakantoak…».

Ordenagailu programa bereziak erabiltzen baditu ere, abestia konpositoreak osatu behar duela azpimarratu du, «ordenagailua laguntza bat besterik ez da». Eta lan horretan urte osoa eman du.

Gaur gauean zer nolako abesti mota entzungo den galdetzerakoan, habanera guztiak bezala «sinplea, tradizionala, baina gogoraerraza» izango dela aurreratu digu. Habanerak Kubatik etorritako doinuak dira eta oso sustraituta daude Tolosako inauterietan, tradiziozko piezak bihurturik. Nork ez du Galtzaundi abestu inauterietan?

Letra eta guzti

Pieza hauek abesteko egokiak direnez, Sukaldeko habanera berria letra eta guzti dator. Egilea Yurre Peñagarikano da, Koldoren emaztea, eta bere mezua argia da: «Sukaldeko lagunen umore ona eta musika zuei eskaintzea».

Sekretu bat ere kontatu digu Koldok. «Gaur lehenbiziko aldia izango da musikariek elkarrekin pieza joko dutena. Partiturak pasatu nizkien, audio bat ere bai, baina orain arte ez dugu entsegurik egin». Hala ere, zalantzarik ez du pieza ongi aterako dela. «Musikari oso onak dira. Urte asko daramatzagu elkarrekin eta konfiantza osoa daukat».

Sukaldeko txarangak hiru egunetan jotzen du inauterietan: Ostegun Gizenean, igandean egun osoan eta asteartean. Azken egun honetan, goizeko pattar-zezenean parte hartu ondoren, eguerdiko 12.00etan txarangen arteko topaketa egingo dute, aurten Euskal Herria plazan.

Inauteri amaierara «leher eginda» iristen direla onartu du Koldok, baina «merezi duela» uste du. «Oso ondo pasatzen dugu, eta gauza ederra da 30 urte baino gehiago etortzen jarraitzen duten musikariak eta Musika Eskolatik datozen gazteak elkarrekin ikustea».