INFO

Urumearen uholdeetatik babesteko obrari ekin diote Astigarraga eta Ergobia artean

Astigarraga eta Ergobia artean Urumea ibaiak eragiten dituen uholdeetatik babesteko egingo dituzten obrak gaur aurkeztu dituzte. Bertan, Arantxa Tapia sailburua eta Xabier Lertxundi eta Xabier Urdangarin Hernani eta Astigarragako alkateak izan dira.

Hernani eta Astigarragako alkateak diren Xabier Lertxundi eta Xabier Urdangarin, Arantxa Tapia Lakuako sailburua eta URAren zuzendari nagusi Antonio Aizekin. (LAKUAKO GOBERNUA)

URAk (Uraren EAEko Agentziak) Urumea ibaiaren uholdeetatik babesteko obren lehen zatiari ekin dio Akarregi eta Ergobia arteko tartean. Lan hauen helburua Astigarraga eta Hernanin uholde errepikakor eta naturalei aurre egitea, inguruan segurtasuna areagotzeko.

Lanak egingo diren tokia bisitatu dute gaur Lakuako Gobernuaren Ekonomia, Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak, Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak, Xabier Urdangarin Astigarrako alkateak eta Antonio Aiz URAren zuzendari nagusiak.

Tapiak nabarmendu duenez, «Urumeako ur goraldien aurrean, jarduerak aukera emango du hernaniarren eta astigarragatarren segurtasun maila hobetzeko eta, aldi berean, Urumeari hedapen segururako eremu bat emango zaio euri mardulak ematen direnerako; bestalde, horrela, ibaiertzetako erabileren eraginak murriztuko dira, bai inguruko bizitegi zonetan, bai eremu horretako jarduera ekonomikoan».

Sailburuak ingurunean uholde arriskua murrizteko aprobetxatutako aukera azpimarratu du: ibaiaren portaera naturala imitatuz, hedapen eremu seguruak sortu dira eta, aldi berean, ibaiertzeko erabilerak lehengoratu. Bidenabar, ur gutxiko sasoietarako ibai parke bat sortu da, udalerrian hedapen eremu berria izan daitekeena.

Lehen fase honetako obraren aurrekontua 3,2 milioi eurokoa da, eta lanak ekainean amaitzea aurreikusten da. Hala ere, bigarren faseak barne hartzen duen jarduketa globala zortzi milioi eurora iritsiko da. Bigarren faseko obrak 2024. urtearen hasieran lizitatu ahal izatea aurreikusten da, dauden trenbide obren baldintzatzaileak bukatutakoan.

URAk planifikatutako jarduketa berri bat da, Urumearen hazkunde natural errepikakorrei aurre egiteko eta «ingurunean erresilientzia handitzeko». 2022an amaitu zen Martuteneko eta 27. poligonoko zubien artean egindako ibilguaren handitzea, eta URAk Urumea ibaiaren ur goraldien aurka defendatzeko egindako inbertsio osoa 35 milioi eurokoa da.

Lanak ibaian gora doaz oraingoan, jarduketa berri bati ekiteko: Astigarragara eta Hernanira, hain zuzen ere. Akarregi-Ergobiako meandroan delako ebakidura lehor labur bat sortzean datza lana. Hau da, ur askoko sasoietan bakarrik funtzionatuko duen kanal bat, inguruan uraren laminaren altuera murriztea ahalbidetuko duena.

Akarregiko meandroko ebakidura lehor hori egin ahal izateko, URAren arabera beharrezkoa da, halaber, ibilgua zabaltzea eta plataformak egitea ibaiaren ezkerreko eta eskuineko ertzetako hainbat zatitan. Horrek esan nahi du handitu egingo dela ur askoko sasoietako emari mardulen hustubiderako erabilgarri dagoen sekzio erabilgarria.

Lehen fase honetan, halaber, meandroaren ezkerraldea egokitzen ari dira. AHTaren obrak amaitzen direnean (Hernani-Astigarraga tartea), eta lurzoruak aske direnean, eskuineko ertza egokituko da, eta Ergobiako zubia berrituko da (bigarren fasea).

Jarduera multzo honek Astigarragan eta Hernanin ur laminaren altuera murrizteko diseinatutako portaera hidraulikoa lortu nahi du. Aldi berean, inguruko ibaiertzeko espezie autoktonoak landareztatzen dira, eta ibilguan ikusitako espezie inbaditzaileen aurka egiten da.

Proeiektu hoek Europako funtsak jaso ditu.