INFO

22 urteko espetxealdia eta bihotz arazoak jasandako Francisco Jose Ramada aske da azkenik

Kartzelan bihotzeko arazo larriak garatu dituen Francisco Jose Ramada Irungo presoa ez da espetxera itzuliko, baldintzapeko askatasuna azkenik onartu diotelako. Orotara 22 urte eman ditu preso eta 59 dituela atera da.

Ramada eta gaixorik diren gainerako presoak aske uzteko elkarretaratzea, iaz Donostian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Francisco Jose Ramada Irungo presoak baldintzapeko askatasuna eskuratu du ostiral honetan. Jada hirugarren graduan zegoen eta erabaki honekin ez du kartzelara itzuli beharko.

Etxeratek jakinarazi du albistea, mezu honen bitartez.

 

Gatibualdiaren azkeneko zatia bereziki gogorra izan da berarentzat. Izan ere, iaz bihotz arazo larria izan zuen Martuteneko patioan, arnasik gabe ere gelditu zelarik, eta erietxera eraman behar izan zuten, Zainketa Berezien Unitatean sartuz.

Hobera egin bezain laster espetxera bidali zuten berriz baina hirugarren gradua eman zioten. Geroztik egoera honetan izan da Ramada eta gaur harresiak atzean uzteko azken urratsa eman du, baldintzapeko askatasunarena.

59 urte dituela agortu du espetxealdia, 22 urtez luzatu dena. Mexikon atxilotu zuten 2001. urtean, Espainiaratu eta kartzelaratu, Auzitegi Nazionalaren aginduz.

Osasun arazoak ez ziren Martutenen hasi, bihotz arazo larriena hemen izan zuen arren. Jada Murtziako espetxean zen garaian ebakuntza egin behar izan zioten eta, Etxeratek salatu zuenez, behar baino lehenago itzuli zuten kartzelara.

Etxeratek argitaratu berri duen 2022. urteari buruzko txostenean jasotzen duenez, hamazazpi ziren gaixotasun larri edota sendaezina izan arren askatasuna ukatuta duten euskal presoak: hamahiru izen-abizen ezagunak dira beste lau lagunek bere egoera esparru pribatuan gorde nahi dute momentuz. Ramada aske gelditu ostean, hamasei dira, beraz.

Karreraren etxeratzearen alde Etxarri Aranatzen

Bestalde, ostiral iluntze honetan mobilizazioa egin dute Etxarri Aranatzen, bertakoa den Asier Karrera bigarren gradura itzularazi eta berriro espetxeratu izana gaitzesteko.

 

Asier Karrera etxeratzearen alde Etxarri Aranatzen. (Aitor KARASATORRE | FOKU)