INFO

‘Egunero behar genuen’ aurkeztu du Imanol Muruak, ‘Egunkaria’ itxi osteko kronika

‘Euskaldunon Egunkaria’ itxi zenetik, ‘Berria’ argitaratu bitarteko lau hilabeteko egunkaria izan zen ‘Egunero’. Bertako langile zen Imanol Muruak «emergentziazko egunkari» horren kronika jaso du liburu batean.

‘Egunero behar genuen’ liburuaren aurkezpena. (Gorka Rubio | FOKU)

‘Euskadunon Egunkaria’ren itxieraren urteurrenaren bueltan, ‘Egunero behar genuen’ liburua aurkeztu du Imanol Muruak ostiral honetan, ‘Egunkaria’ko, ‘Egunero’ko eta ‘Berria’ko kazetari ohiak. Egun batetik bestera egunkari bat nola sortu zuten eta ‘Egunero’ren «bizitza laburra» kontatzen du Muruak. «Bidegabekeria erraldoi» baten aurrean emandako erantzun masibo eta anitzen artean «gakoa» izan zen hurrengo egunean bertan ‘Egunero’ kaleratzea idazlearen iritziz.

Martin Anso editorearen eta Irune Lasa kazetarien laguntzarekin egin du aurkezpena Andoaingo Martin Ugalde parkean. Berriak, Elkarrek eta Jakinek elkarlanean osatzen duten Aleka bildumaren barruan argitaratu du liburua, eta oso eskertuta dago «kazetaritza pausatuari» eskaintzen zaion tarteagatik. «Erreportaje luze» forma duela adierazi du Muruak, eta bederatzi zatitan banatuta dago liburua.

Egunkariaren itxieraren biharamunean sortu zuten Egunkariako kazetariek Egunero, idazlearen esanetan garrantzitsua zen euskara hutsezko prentsan «etenik» ez egotea. Eta gertakari «traumatiko» horren ostean, alde positibo bat nabarmendu du: erantzuna. Eremu askotariko erantzuna izan zen, mobilizazioak antolatu ziren, herriz herri garatutako kanpainak… «Denak beharrezkoak izan ziren, baina ‘Egunero’rekin asmatu genuen, gakoa izan zen», Muruaren arabera.

Etenik ez egotea nola izan zen posible kontatzen du liburuan, eta lehen erabakia hartzea ez zitzaiela kostatu aitortu du: «Martin Ugalden bertan hartu genuen lehendabiziko erabakietakoa izan zen hurrengo egunean egunkaria ateratzea, ‘Egin’ itxi zutenean ‘Euskadi Información’ sortu zuten bertako langileek, eta eredu hori bagenuenez guk ere gauza bera egin genuen».

Momentu «nahasiak» izan baziren ere, «hiru osagaien koktelaren ondorioz» lortu zuten ‘Egunero’ ateratzea. Batetik, langileek proiektuarekiko zuten atxikimendua azpimarratu du Muruak, «guretzat lanbide bat baino gehiago zen, gure proiektua zen»; bigarrenik, herritarren elkartasun olatua, eta hirugarrenik amorrua.

‘Egunero’ ‘Berria’ sortzeko lehen «harria» izan zela adierazi du idazleak. Eta egoera «ziurgabearen» ondorioz, oso «prekarioa» izan zela. Zuri beltzeko egunkaria zen, 16 orri besterik ez zituen hasieran. Lehendabiziko egunetan «albiste bakarreko egunkaria» omen zen, ‘Egunkaria’ren itxieraren inguruan.

«Erresilientziaren ikur»

Irune Lasa ‘Berria’ko kazetariak garaiko oroitzapenei egin die leku aurkezpenean. «Euskalgintzaren erresilientziaren ikur» gisa definitu du lau hilabete iraun zuen egunkari hura. «Trauma» bati egokitzen jakin izana, eta «babesa eman zein jasotzeko» modu bat izan zela azpimarratu du.

Hasirako momentuak ekarri ditu gogora: «Batetik gogoratzen dut Guardia Zibila, Antiguako tunelean manifestazioa, Martxelo Otamendik telebistan egindako testigantzak… eta bestetik, guk egunerokoan bizi genuena: batzarrak, Tolosako erredakziotik Hernanikora mugitu ginenekoa, nekea, baliabide falta…».

Jasotako elkartasuna azpimarratu du kazetariak ere, «espero gabeko elkartasuna» ekarri du mahaigainera: «Gogoratzen dut Euskaltelek telefonoz betetako kaxa bat bidali zigula, elkartasuna zenbaterainokoa zen adierazi zuen horrek niretzat».

Prozesu «bitxia»

Liburua sortzeko prozesua azaldu du Muruak. 2010ean unibertsitateko lan bat zela eta, ‘Egunero’n lankide izan zituen zazpi kide elkarrizketatu zituen, bakoitza eremu bateko arduraduna zen. Eta horrela kontatu zuen nola sortu zuten egunkaria.

Hamahiru urte beranduago, ordenagailuko karpeta batetik erreskatatu, eta berridatzi egin duela azaldu du, «erreportaje itxura eman diot». ‘Euskadunon Egunkaria’ren sorreraren, itxieraren, auziaren… inguruan lan asko egin dela adierazi du, eta berak «puzzle erraldoi horretan beste pieza bat» jarri nahi izan duela gaineratu.