INFO

Irati Etxarri hegal-pibot iruindarrak ezker belauneko lotailu gurutzatua hautsi du

Spar Gironako nafarrak ostegunean Valentzia Basketen aurka jasan zuen lesio larri hau. Bere klubeko traumatologoek datorren astean erabakiko dute ebakuntzarik beharko duen ala ez. Ezingo du denboraldi honetan gehiago jokatu eta ekainean ospatuko den Eurobasketa ere jokatu ezinik geratuko da.

Irati Etxarrik ohatilan laga behar izan zuen Fonteta pabilioia. (@FEB)

Albiste txarrak Irati Etxarri Spar Girona talde katalaneko hegal-pibot iruindarrarentzat. Ostegun gauean, Valentzia Basketen aurka Emakumeen Endesa Ligako hogeita batgarren jardunaldiko neurketa jokatzen ari zela, ezkerreko belaunean min hartu zuen eta ohatilan utzi behar izan zuen Fonteta pabilioia.

Amaitu da, tamalez, jokalari nafarrarentzat 2022/23 denboraldia, ezker belauneko lotailu gurutzatua hautsi baitu, bere klubeko mediku zerbitzuek aditzera eman dutenez. Spar Gironari lotuta dauden  traumatologoek datorren astean hartuko dute behin betiko erabakia Etxarriren tratamendua nola ekin erabakitzeko. Alegia, traumatologoek oraindik ez dutela erabaki hegal-pibot nafarrari ebakuntzarik egingo ote zaion ala ez.

Nolanahi, behin betiko diagnostikoaren faltan, bistakoa da aurtengo denboraldian ezingo dela kantxara itzuli jokalari iruindarra. Hori gutxi ez eta, ekainaren 15etik 25era bitartean Israelen eta Eslovenian jokatzekoa den Eurobasketean ere ezingo du parte hartu Irati Etxarrik, nahiz eta gauzak ondo, Miguel Mendez hautatzaile espainiarrak ziurrenik berarekin eramango zukeen.

Uztailaren 26an 25 urte beteko ditu Irati Etxarrik eta zortzi urte daramatza Emakumeen Endesa Ligan, 17 urte zituela Araskirekin debuta egin eta gero. Gasteizen hiru urte egin ostean, Cadi La Seu talde katalanak fitxatu zuen eta iaz denboraldi bikaina egin ostean, Spar Gironak fitxatu du jokalari nafarra, eta Euroligan ere debuta egin ahal izan du.

Ez du iaz adinako dizdirarik egin orain arte Etxarrik Gironan, Cadi La Seun ez bezalako rola baitu orain. Hala, Maria Araujoren ordezkoa izateaz gain, defentsako lanetan zaidu baita hegal-pibot nafarra. Batez beste 5,6 puntu eta 3,1 errebote lortu ditu Emakumeen Endesa Ligan; Euroligan, aldiz, 4,4 puntu eta 3,6 errebote, kantxan ematen dituen 18 minutuetan.