Elordik eta Zabaletak azken txanpan erabaki dute Bilboko neurketa (22-16)
Ligaxkako liderrak 14-16 galtzen egon dira Larrazabal eta Albisuren aurka, baina 8-0ko partzial batekin zuzenean joan dira 22ra. Iker Larrazabal gaztearen lana nabarmentzekoa izan da, une askotan aurkariak dantzan ipini dituelako tanto sorta ederra eginez.
Elordik eta Zabaletak hamabigarren garaipena pilatu dute Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Larrazabal eta Albisuri 22-16 irabazita. Ligaxkako liderrak oso faborito irten dira apustuetan, baina aurkariek asko estutu dituzte eta markagailuan 14-16 aurretik ere izan dira. Azken txanpan, ordea, 8-0eko partzial batekin ez da ezustekorik izan azken emaitzari dagokionez.
Emaitzean ez, baina jokoan gauza harrigarriak ikusteko aukera izan da. Batez ere Iker Larrazabal gaztearen lana izan da nabarmentzekoa. Amurriokoak 20 urte besterik ez ditu, gaurkoa bere bigarren neurketa zen Binakako nagusian Urrutikoetxearen ordezko gisara, eta une batzuetan izar handien pare aritu da, jokoaren erritmoa markatuz eta tanto ikusgarriak amaituz.
Hain zuzen ere, arabarrak txokoan bihurrituta egindako tanto batekin hasi da norgehiagoka. Baina lehen zatian kosta egin zaie urdinei partidari neurria hartzea. Larrazabalek berak bi pilota galdu ditu –3-2koan "piedre" tonto samarra eginda– eta Albisuk ere eraman beharreko hiruzpalau pilota oparitu dizkie aurkariei. Meritu handirik egin gabe gorriak 9-5 aurretik ziren markagailuan.
Baina Larrazabal jokoan sartzen hastearekin batera gauzak asko aldatu dira. Pilotari abiadura handia emanez, dantzan ipini ditu aurkariak behin eta berriz, eta tanto ikusgarriak sinatu ditu urdinen aldeko 0-5ko partzialean. Denetan txalotuena 9-8koa, aurrean pilota zaila harrapatu eta zabalean dejada ederra eginez.
Larrazabalek berak egin ditu 9-9koa eta 9-10ekoa, markagailuan aurretik ipiniz, eta 13-15ekoa ere, zabaletik horma-biko bikaina bota eta tantoa atzean amaituz, ikusgarria izan da. Urdinen bolada ona 14-16kora arte luzatu da eta ordura arte isilik egon diren artekariak kantuan jarri dituzte, gorrien garaipena arriskuan ikusten zelako.
Elordiren amaiera ona
Baina azken txanpan Aitor Elordi agertu da. Aurrelari mallabiarra oso gutxi sartu da jokoan partidaren lehen zatian, ia ez du tantorik egin, baina une erabakigarrian asko asmatu du. Berak eman dio hasiera gorrien amaierako 8-0ko partzialari txokoan bikain utzitako pilota batekin, eta bereak izan dira neurketako azken hiru tantoak ere, sake-erremateari zukua aterata.
Azkenean zenbaki oso txukunekin amaitu du norgehiagoka Elordik –jokoan sei tanto eginda, sakez beste lau eta pilotarik galdu gabe–, eta beste garaipen bat zakura orain arteko bikote indartsuenarentzat.
«Partida erdira arte beraiek dominatu digute eta guk defentsan ibili behar izan dugu. Zabaleta ez nuen beste batzuetan bezain fin ikusten eta animatzen saiatu naiz. Azken batean bera da gure bikotearen zama eramaten duena eta nik ezin nuen askoz gehiago egin. Baina azken txanpan guk martxa bat gehiago sartu dugu, edo beraiek bat jaitsi, eta garaipena lortu dugu», azaldu du Aitor Elordik.
Jon Ander Albisuk, bere aldetik, pena zuen hasieran galdutako pilota horiengatik, baina liderren aurka emandako itxura onarekin pozik agertu da. Hori bai, ezin izan dute hirugarren edo laugarren postuan amaitzea ziurtatu eta azken jardunaldian erabakiko da play-offean abantaila hori izango duten edo ez.
Mikel Urrutikoetxea frontoian izan da eta aipatu duenez baliteke azken jardunaldian Altuna-Tolosaren aurka jokatzea. Lesioa hobeto omen dauka, frontoian entrenatzen hasi omen da eta asteartean egingo omen du proba serio bat datorren ostiralean Zallan jokatu ala ez erabakitzeko.