INFO

Memoria historikoaren legerako ahalik eta adostasunik handiena lortu nahi du Melgosa sailburuak

Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu eta memoriaren politika publikoen arduradun gisa lehenengo ekitaldi publikoa egin du Nerea Melgosak. Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenezko Museoaren hamargarren urteurrenaren ospakizunean izan da igande honetan.

Nerea Melgosa sailburua Berangon, Burdin Hesiaren Oroimenezko Museoaren hamargarren urteurren ekitaldian. (IREKIA)

Nerea Melgosa, Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu berria, Berangoko ‘Agurra’ eskultura-multzoaren inaugurazioan izan da igande goiz honetan, Burdin Hesiaren Oroimenezko Museoaren hamargarren urteurrenean, Maria Isabel Landa herriko alkatearekin eta Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendariarekin batera. 1936an eta 1937an gerraren ondorioak jasan zituzten eta demokraziaren balioak defendatu zituzten pertsonak oroitzeko eta omentzeko eraiki du Berangoko Udalak monumentua.

Melgosak memoria Historiko eta Demokratikoari buruzko Legea aipatu du, gaur egun Gasteizko Legebiltzarrean izapidetzen ari dena. «Aukera paregabea da Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren biktimak aitortzeko, memoria historikoari balioa emateko eta lege mailara igotzeko», adierazi du.

Ahalik eta adostasunik handiena lortu nahi du, «ziur» dagoelako «demokrata guztiak» bat datozela printzipio eta balio horiekin. Jadanik akordio batera iritsi da Elkarrekin Podemosekin.

Bereziki emakumeak gogoan

Bere hitzaldian, sailburuak gerra, errepresioa eta gerraosteko ondorioak pairatu zituzten emakumeak gogoratu ditu bereziki. Gerra garaian askatasunaren alde borrokatu ziren eta ekoizpen-sarearekin bat eginez edo Burdin Hesia eraikiz lagundu zuten. Senideen heriotza jasateaz gain, askok egoera ekonomiko zailari aurre egin behar izan zioten, baliabiderik gabe, seme-alaben kargu eginez, eta hainbat umiliazio eta errepresioren biktima izan ziren.

Hamar urte hauetan Berangoko Burdin Hesiaren Museoan lan egin duten pertsonak eta Berangoko Udala zoriondu ditu memoria historikoa berreskuratzen egindako ahaleginengatik.

Jaizkibel Galdategi Artistikoak egindako eskultura aurkeztu ondoren, Aitor Miñambres Museoko zuzendariak bonbardaketen eta gerraren ondorioz herrian hildako pertsonen izenak irakurri ditu. Jarraian, ‘Agur Jaunak’ abestiarekin, lore eskaintza egin dute Gernikako bonbardaketatik bizirik atera ziren lagunekin batera.