Inauteria kalerako zegoen gaur Tolosan
Momentuz aurrera egiteko aukerarik gabe dagoen bikote bakarra den arren, Jaka eta Arangurenek ere utzi dute euren aletxoa. Kontsolamendu handirik ez bada ere, eurak dira Altuna-Tolosari ligaxkan jokatutako bi partidak irabazi dizkieten bakarrak.
Jai denak bezala, kalean bizi beharrekoak dira Tolosako inauteriak. Gutxitan izaten da, ordea, aurtengoa bezalako girorik eta, hurrengo urtean gerta daitekeenagatik, tolosar eta kanpotar guztiek kalean eman dituzte eguneko ordurik gehienak. Hainbeste, halako egunetan irakiten egon ohi den Beotibar pilotalekua ere ohikoa baina ixilago egon dela atzokoan, festak barrurako gogorik ez balu bezala. Eta egia esatera, kantxa barruko ikuskizunak ere ez du askorik lagundu. Sailkapenean inolako garrantzirik ez zuen partida batean, horrek ere izan du eraginik giroan eta jokoan, Erik Jakak eta Aitor Arangurenek 22-16 irabazi diete Altuna eta Tolosari partida nahiko arraro batean.
Emaitza honekin txapelketa osoan zehar lahiakorrak izan bai, baina zorte handirik ere izan ez duten lizartzarrak eta aginagarrak kontsolazio txiki bat eraman dute, aurtengo Binakakoan ere utzi dutelako euren alea, Altuna-Tolosaren aurka jokatutako bi partidak irabazi dituzten bikote bakarra izango direlako. Aurrekoa ere jai giroan lortutakoa izan zen, Urretxun Santa Lutzi egunean (22-12) eta jokoan ere izan da antzekotasunik, Aspeko bikotearen lehen ligaxka honetako bi partidarik txarrenak izango zirelako, ezbairik gabe.
Tentsiorik gabe
Bi partida hauen testuingurua, ordea, arras desberdina izan da, abendu erdialde hartan gutxi usteko baitzuten Altuna-Tolosak garai honetan finalerdietarako sailkatuta egongo zirenik. Aurreko astean lortu zuten hori eta 12 astez erabat lehiakor agertu ostean, ez da harritzekoa, nahi gabe izanda ere, tentsioak behera egitea.
Jokin Altunaren eskuina ere ez dago bete-betean, zalantzaren bat ere izan du jokatu edo ez eta, kontuan izanda ostiralean berriz ere Zallan jokatzekoak direla, ohikoa baino tako gehiagorekin jokatu duenaren inpresioa ere eman du, nahiz eta Tolosan Inauterieran jokatzea beti izan zerbait berezia.
Gauzak horrela, partida erdira arte edo gauzak nahikoa orekatuta joan badira ere, hasieratik antzeman zaie Jaka eta Arangureni beste tentsio bat zutela soinean. Lizartzarra eraginkor aritu da erasoan eta Aitor Arangurenek ere bere bertsiorik lehiakorrena berreskuratu du, sotamanoz ere pilota ondo astinduz. 9-6koan ere dejada ezin dotoreago batekin tanto bikain bat ere amaitu du.
Susturik ere izan da, 8-5ekoan Erik Jakak mina hartu baitu eskuin ukondoan, sotamanoz pilota bat jotzera joan denean Jokin Altunaren aurka tupust egin ostean. Zorionez ez da ezer larririk izan, jokoan jarraitu ahal izan du eta, gainera, erditik aurrera aurkariak baino askoz osoago aritu dira Baikokoak.
Altunak pilotari arruntaren jantzia izan du gaur soinean eta Xabi Tolosak ere igarri du, nola igarri ere. Ia errebotean jarri duen pilotakada bat jo du, baina ohikoa baino pilota gehiago utzi ditu eremateke eta partidak errez egin die ihes.
FITXA TEKNIKOA:
Jaka-Aranguren: 22
Altuna III.a-Tolosa: 16
Pilotakadak: 531. Iraupena: 65,50 minutu. Markagailua: A1-0, 1-2, 3-2, 3-3, 5-3, 5-4, 6-4, 6-5, 8-5, 8-6, 10-6, 10-9, 12-9, 12-10, 16-10, 16-11, 19-11, 19-15, 20-15, 20-16, 22-16. Sakeak: 2 Jakak eta 1 Altuna III.ak. Egindakoak: 7 Jakak, 4 Arangurenek, 9 Altuna III.ak eta 0 Tolosak. Galdutakoak: 2 Jakak, 4 Arangurenek, 6 Altuna III.ak eta 3 Tolosak. Gorabeherak: 849 ikusle Tolosako Beotibar pilotalekuan, oso sarrera ona baina erabateko betekadarik ez. Harmailetan ere ez da beste urteetako jai girorik bizi izan, nahiz eta asko izan diren mozorrotutakoak.