INFO

Garabide Elkarteak jaso du 2022ko Abadia Saria, euskararen alde egindako ekarpenagatik

2005ean sortutako Garabide Elkartearentzat izan da 2022ko Abadia Saria. Foru jauregian asteazken honetan egindako ekitaldi batean saritu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, euskararen mesedetan egindako ekarpena eskertzeko.

Garabide Elkarteari eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiak eman dio Abadia Saria. (Jon URBE | FOKU)

«Elkarlan eredu berritzaile» baten bitartez euskararen mesedetan eginiko ekarpen «esanguratsua» dela eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Garabide Elkarteari eskaini dio 2022ko Abadia Saria asteazken honetan.

Foru jauregian egindako ekitaldian jaso dute saria Garabide Elkarteko kideek, Iñaki Martinez de Luna lehendakariak eta Jon Sarasua elkarteko boluntarioen ordezkariak, hain zuzen ere. Martinez de Lunak komunitateekin ehundutako sareei eskaini die saria: «Antzeko kezkak, ilusioak eta lana partekatzen ditugu eta elkarrengandik ikasten dugu».

«Gure irudia besteen ispiluan begiratzean, iraganean pairatutako egoerak ikusten ditugu eta oso baliagarria da hori ahalegin horretan jarraitzeko, gaineratu du lehendakariak.

Mikel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak esan duenez, euskararen biziberritzeak «aurrerapauso nabarmenak» egin ditu azken 60 urteotan. Bide batez, errekonozimendua adierazi die beren hizkuntza eta kulturen aldeko ahaleginean «tinko» eusten dioten herri eta komunitateei.

Horrekin batera, euskararen biziberritzean aurrera egiteko, erakundeen eta euskalgintzaren arteko «elkarlanari eutsi» eta «urrats berritzaileak» emateko beharra berretsi du Olanok. Ildo horretatik, Gipuzkoako Foru Aldundia bere osotasunean «arigune iraunkor» bilakatzeko prozesua abiarazi duela jakinarazi du.

Ekitaldia Ainara Ortega abeslariaren ahotsak gidatu du eta Garabide Elkartearekin elkarlanean jardun diren Asya Zayzaouik eta Arkaitz Zarragak lankidetza linguistikoaren inguruko solasaldi bat eskaini dute.