Iker, egin «Irri», pilotazaleek zure ezker pilotakadak betiko gogoratuko baitituzte
Pilotaren mundua erabat astindu zuen asteartean Iker Irribarriak, 26 urte baino ez dituela, pilota profesionala utziko duela ezagutzeak. Hona hemen bere ibilbide azkarra, laburbilduta.
Goiz, goizegi, agur esango dio Iker Irribarriak. 26 urte besterik ez dituela –27 urte beteko ditu uztailean–, Aramako aurrelariak pilota profesionala utziko duela jakin genuen atzo, Tolosako jaialdiko azken partida jokatu baino ordu batzuk lehenago. Dirudienez, azkenaldian belaunean izan dituen arazoak dira pilota uztera eraman dutenak. Berak bakarrik ezagutzen ditu bere burua eta gorputza, baina gaur bertan emango ditu eman beharreko arrazoi guztiak, 11.00etan Eibarko Portalea Kultur Etxean.
Inork nahi ez lukeen agurra izango da, baina, era hotzean aztertuta, Irribarria lasai egon daiteke. Ezker eskuan duen “pala” metafora hartuta, esan liteke dena joan dela azkar, oso azkar, bere ibilbidean. 19 urte baino ez zituela lortu zuen Lehen Mailako Buruz Buruko txapela 2016. urtean, historian halakorik lortu zuen piloraririk gazteena izan zen, baina are txundigarriagoak izan ziren txapel hori lortzeko emandako erakustaldiak. Pilota astintzeko zuen erraztasuna, bere intentsitate eta izaera beroari gehituta, ez zen oharkabean pasatu pilotazaleen artean, eta pilotalekuak betetzen hasi ziren Irribarriak jokatzen zuen aldiro.
Geroztik manomanistako beste txapel bat (2019koa, Urrutikoetxeari 20-22 irabazita) eta Binakakoan (2017an Rezustarekin batera, Bengoetxea VI.a-Larunberen aurkako finalean gailenduta) beste bat ere jantzi zituen. Tartean, txapeldunordea izan zen 2017ko Buruz Burukoan (Bengoetxea VI.aren aurka 18-22 galduz) eta 2019ko Binakakoan (Zabaletarekin batera, Elezkano II.a-Rezustaren aurka 22-19 galduz).
Geldiezina zirudien gipuzkoarrak. Baina arantza bat jartzekotan, hori Lau eta Erdikoa da. Bere ezker besoko potentzia distantzia handietarako prestatuagoa zegoen, eta beharbada arrazoi honengatik ez du kaiolan saririk izan.
Noraezean
Oinatz Bengoetxearen aurkako 2017ko finala galtzeak mina egin zion, eta bi urte geroago Buruz Buruko txpela berreskuratu bazuen ere, ez zuen distira hori berreskuratu. Gutxi balitz, kirolari guztiek ekidin nahi dutena sufritu zuen. 2021eko martxoan izan zuen eskuin belauneko ebakuntza eta, zazpi hilabete kantxetatik kanpo eman ostean, irailean jantzi zituen berriz ere praka zuriak. Pilota gosez egon zela eta laguntza psikologiko bila jo zuela aitortu zuen, arazorik gabe.
2021eko martxoan izan zuen eskuin belauneko ebakuntza ondoren, pilota gosez egon zela eta laguntza psikologiko bila jo zuela aitortu zuen Irribarriak, arazorik gabe
Hori bai, azken Lau eta Erdikoari uko egin zion, belauna ez zeukalako nahi bezala. Eta aurtengo Binakakoan ere kanpoan geratu da, enpresaren erabakiz honakoan. Bi partidetan, baina, ordezko moduan aritu da eta bietan maila bikaina eman du; azkena, iragan larunbatean, Peio Etxeberriaren lekuan. Atzo bertan ere, Tolosako Beotibarko jaialdian iragarrita zegoen Eskuzarekin batera, Elezkano II.a eta Arbizuren aurka gainera irabaztea lortu zuen, baina emaitza gutxienekoa da.
2016ko maiatzaren 29an, bere lehen Buruz Burukoa irabazi zuenean, honakoa adierazi zuen Aramako aurrelariak: «Egunen batean hodeitik jaitsi beharko dut, baina orain aprobetxatu beharra dago». Ziur aski berak nahi baino gutxiago aprobetxatu ditu aukera eta bultzada horiek, baina pilota eta pilotalekuetatik kanpo bizitza ere badago, eta haurrak eta pilotazaleak “Irribarria” izena daraman kamiseta jantzita ikustea, hori izan daiteke bere saririk handiena.
PROFILA:
Jaioterria eta jaioteguna: Arama, 1996ko uztailaren 4a. > Pisua eta altuera: 85 kilo eta 1,88 metro garai > Debut eguna eta pilotalekua: 2015eko martxoaren 22an, Eibarko Astelenan. > Palmaresa: Eliteko Lau eta Erdiko txapelketan txapeldun; Joxean Tolosa txapelketan txapeldun 2014an; El Diario Vasco txapelketan txapeldun 2014an; Promozio mailako Buruz Buruko txapelketan txapelduorde 2015ean; Lehen Mailako Buruz Buruko txapeldun 2016an; Binakako Txapelketako txapeldun 2017an; Buruz Buruko txapeldunorde 2017an; Binakako txapeldunorde 2019an; eta Buruz Buruko txapeldun 2019an. Gainera, San Fermin txapelketan txapeldunorde 2018an; hiru aldiz tapeldunorde Zarauzko torneoan: 2017, 2018 eta 2019an; txapeldunorde Bastidako torneoan 2019an; txapeldunorde Donostiako torneoan 2022an; txapeldunorde Lekeitioko torneoan 2016an; txapeldunorde Bizkaia torneoko binakakoan 2018an; txapeldunorde Masters Codereko txapelketan 2019an.