‘Irati’ filmak ezpaten eta sorginkeriaren epikotasunaz beteko ditu aretoak
Sorginak, tartaloak, ezpatak, zaldiak, arnasik gabe uzten zaituzten paisaia ikusgarriak eta maitasun istorio bat. Amodio asko baitago ‘Irati’ filmaren baitan: maitasuna gure kulturari, naturari, euskarari... eta zinemaren ofizioari. Asteburu honetan 112 aretotan estreinatuko da.
Ia bost hilabete itxaron behar izan dugu ‘Irati’ filma zinema areto komertzialetan ikusi ahal izateko. Iazko urrian Sitgeseko jaialdian estreinatu zenetik, soilik jaialdi batzuetan –Sitges eta Donostiako jaialdi fantastikoetan ikuslegoaren saria jaso zuen, hori bai– eta ekitaldi berezietan erakutsi da, esaterako Durangoko Azokan.
Ostiral honetan, azkenean, zinema aretoetara iritsiko da. Eta istorio on guztiek bezala, itxaronaldiak merezi izan du. Film fantastiko eta epiko onenen osagaiez jantzi baitu Paul Urkijok ‘Irati’ filma. Asteburu honetan Estatu espainiarreko 112 aretotan eskainiko da, zinemagile arabarrak Bilbon ostegunean aipatu duenez.
«Guk ez dugu aukeratzen nola emango den, hori aretoen esku gelditzen da, baina ezuste atsegina hartu dugu ia gehienetan bertsio originalean egongo delako, azpitituluekin. Gehienak bertsio originalean ikusiko dute eta hori poztasunez hartu dugu, pelikula horrela behar delako ikusi gure ustez», esan du.
Bilbon bertan udalak antolatzen duen Fant edo Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren ‘aperitibo’ gisa eskainiko da ostegun arratsaldean, Alondegian. Jaialdia bera maiatzaren 5etik 13ra egingo da eta zinemagile arabarrak gertutik ezagutzen du ekitaldi hau, bere lan gehienak hemen erakutsi baititu.
Harrapatzen zaituen istorioa
Ordu batzuk lehenago, komunikabideontzat emanaldia eskaini da. Euskara hutsean errodatuta, XVII. mendean hitz egiten omen zuten euskara ederrean, hasieratik bukaerara arte mundu magiko eta, halere, erabat ezagunera hurbiltzen zaitu filmak. «Amets bat bete dut –aitortu du zinemagileak–, txiki txikitatik izan ditudan mitologia eta fantasia amets horiek betetzea lortu dudalako. Pelikula altxatzea zaila izan bada, baina errodatzera joan nintzenean ez nuen sinistu ere egiten: ‘Benetan egingo dut hau? Pelikula bat euskaraz, euskal mitologiari buruz, ezpata eta sorginkeria film bat?’ Harrituta eta oso eskertuta nago. Herriak eman zidan zerbait herriari itzuli nahi nion».
Filmak VIII. mendean kokatzen gaitu, beraz. Kristautasuna hedatzen ari da Europan, eta sinesmen paganoak desagertzen. Frankoen erasoaldiaren ondoren, Karlomagnoren armada Pirinioak zeharkatzera doala, ibarjaunak laguntza eskatzen dio antzinako jainkosa bati, Mariri (Itziar Ituño). Odolezko itun baten bitartez etsaia garaitzen du, trukean bizitza emanda, baina lehenago, Eneko (Eneko Sagardoy) semeari hitzemanarazten dio bere herria babestu eta gidatuko duela aro berrian.
Urte batzuk beranduago, Enekok ibarreko pagano baten laguntza beharko du aita eta ondarea berreskuratzeko, Irati (Edurne Azkarate) deituriko emakume enigmatiko batena hain zuzen ere.
Batez ere Aralarren, Pirinioetan, Oñati eta Pozalaguako leizeetan errodatu film honetan natura oso modu «organikoan» dago islatua. Naturan bertan grabatu baita filmaren zati handiena, bere kolore naturalekin, bere edertasunarekin... bere gogortasunarekin, ez baita erraza toki horietara zinemak behar dituen montaje guztia eramatea.
Euskal aktore ezagun eta beterano ugari aurkitu daitezke filmean, baita ere aurkikuntza berri batzuk. Esaterako Edurne Azkarate, emakume adoretsu eta misteriotsu bat. «Amets bat betetzea izan da niretzat, pelikula bat egitea zaila delako gure ogibidean; eta egitea bera sari bat da niretzat», aitortu du.
Eneko Sagardoy Eneko Aritza pertsonai istoriko-mitologikoaren azalean sartu da. Baita Eneko Aritzaren muskuluetan ere: «Oso dibertigarria izan da eta ohartzen naiz zerbait historikoa egiten ari garela gure zinemarentzat. Zaldian ibiltzeko aukera eman dit gainera, ezpatarekin borrokatzekoa, eta baita nire gorputza muskulatua ikusteko aukera ere [10 kilo irabazi zituen], nahiz eta egun ez den askorik gelditzen», aipatu du umorez.
Itziar Ituño Mari da; Mari beldurgarri bat, erabat fantastikoa. Lau egun baino ez zituen eman errodajean, baina Mari da protagonista handia. «Horren herri txikia izanda, horrelako istorio bat etorkizunerako uztea sekulakoa da –aipatu du–. Zaila izan da proiektu hau aurrera ateratzea. Amerikarrentzat erraza izango da, baina horrelako herri txikian, ia esfortzu poetikoa dela esango nuke».