INFO

«Euskara hiltzen duten» frantsesezko bide seinaleak kendu eta Bizkaia Zubian ezarri dituzte

Euskal Herrriko kaleetako eta errepideetako euskararen erabilpen mailaz kezkatuta, HerriBiltza taldeak «euskara hiltzen duten» frantsesezko bide seinaleak kendu eta Portugaleteko Bizkaia Zubian ezarri ditu.

frantsesezko bide seinaleak kendu eta Portugaleteko Bizkaia Zubian jarri dituzte. (HerrBiltza)

«Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugu. Gure eguneroko aktibitate guziak euskaraz egiteko posibilitatea izan nahi dugu. Euskara, munduko gainerateko hizkuntza guziekin, gizateriaren ondare kulturala da», adierazi du HerriBiltza taldeak Ipar Euskal Herrian dauden frantsesezko bide seinale batzuk kendu eta Portugaleteko Bizkaia Zubian ezarri ondoren.

Salatu dutenez, frantziar eta espainiar Estatuen konstituzioek eta legeek, «euskararentzat ez dute begirunerik, euskara gutxiesten dute eta Euskal Herrian bigarren hizkuntza bezala tratatzen dute».

Izan ere, karrikan euskararen erabilpena neurtzen duen Soziolinguistika Klusterrak, 2022ko maiatzean argitaratu zuen ikerketaren arabera, Euskal Herri mailan ezer gutxi aldatu da 2016tik 2021era.

«Hizkuntza batek, bizitzeko, lurralde bat nun herritarrak lehentasunez eta nagusitasunez hizkuntza horretan mintzatzen diren behar du. Beraz, euskara desagertzeko bidean da», nabarmendu du HerriBiltzak.

Frantziar eta espainiar Estatuen agintariek UNESCOren helburuen aurka egiten dutela salatu du taldeak: «euskararen biziraupenerako ez dute eztabaida irekirik egiten, aldiz euskara erasotzen dute eta hiltzen ari dira». «Gainera, UNESCO egoera honen aitzinean mutu egoten da. Gizateriaren ondare kulturala den euskara hiltzen uzten du; aldiz Portugaleteko Bizkaia Zubia Gizateriaren Ondare izendatzen du» gaineratu du.

Bere burua Euskal Herri osoko erakunde gisa, instituzio politiko burujabe gisa, eta, Frantziako eta Espainiako Estatuetatik independente gisa aurkezten du HerriBiltza kolektiboak. Eta ez da lehen aldia gisa horretako ekintza bat egiten duela.