INFO

Haur eskoletan ratioak jaisteko eskaera atera du berriro kalera Nafarroako 0-3 Plataformak

Iruñeko Autobus Geltokiko zabalgunean bildu dira Nafarroako hainbat haur eskolatako langileak, geletan ikasle-zaintzaile ratioak jaisteko eskaria egiteko batez ere. Haur eskolen duintasuna defendatzeko tresna «baliagarria» izan zen greba joan den ikasturtean, eta mahai gainean segitzen du aukerak.

Nafarroako 0-3 Plataformak elkarretaratzea egin du larunbat honetan Iruñeko autobusetako zabalgunean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroako herri ugaritako haur eskolatako langileak elkartu dira larunbat honetan Iruñean, Autobus Geltokiaren ondoko zabalgunean. Han ziren, bertzeren artean, Uharte, Bera, Basaburua eta Burlatako ordezkariak. ‘Masifikaziorik ez’, ‘Ratioak jaitsi, haurrek merezi’, ‘Haur eskolen duintasunaren alde’ eta gisa horretako oihuak egin dituzte.

‘Haur bat=1,75 metro karratu, oilo bat=lau metro karratu’, egin dute konparaketa, alerta deituz.

Batez ere geletako ratioak jaisteko eskaera atera nahi izan dute berriro ere karrikara, Eider Garde 0-3 Plataformako bozeramaileak Ahotsa.info-ri azaldu dionez. «Elkarretaratzea plataformak dituen helburuak berriro aldarrikatzera dator, iaz soldaten igoeraren eta ratioen jaitsieraren beharraz hitz egiten genuen. Eta, umiliaziotik atera garen arren, ez dago jasoa nola duinduko diren soldatak, ezta antzinakotasuna ere. Konpromiso politiko bat behar da soldatak duintzeko eta ratioen jaitsiera gauzatzeko».

EH Bildu Nafarroak eta bertako gobernuak akordio bat lortu dute zeinetan Europako ratioetara hurbiltzeko aurrepausoak eman behar direla jasotzen den. Ez da egutegirik zehazten, ordea. Gardek azpimarratu duenez, bosgarren akordioa da jada, aitzineko lauretan ere agertzen zen asmo hori eta ez da bete. «Baliteke honetan ere indargabetuta gelditzea eta garrantzitsua da kalean egotea, are gehiago hauteskundeen atarian, programetan sar dezaten guretzat gakoa den ratioen jaitsiera hau».

Erantsi duenez, greba beti dute mahai gainean. Joan den ikasturtean 60 eguneko greba egin zuten eta emaitzak eman zituen. «Indarra eta aldarrikatzeko gogoa baditugu, greba tresna erabilgarria izan da eta hala izaten jarraitzeko intentzioa dugu». 

Azken hilabeteotan negoziaketan zentratu dira gehiago eta gauza batzuk lortu dituzte. Azkena, astelehen honetan zabaldu zen berria: mobilizazioen ondotik, 0 eta 3 urte bitarteko zikloa dohainik izanen da diru sarrera txikiak dituzten familientzat.

Adierazpenak egiteaz gain, 0-3 Plataformak egindako abesti berria abestu dute. Berriki flash-mob bat ere egin dute.