INFO

Demokrazia eta burujabetzaren ikurrak astinduko ditu EH Bilduk aurtengo Aberri Egunean Iruñean

‘Maite dugun herria’ lelopean ospatuko du EH Bilduk aurtengo Aberri Eguna. Apirilaren 9an Iruñeko kaleetan borroka, aldarrikapena eta festa uztartu nahi ditu demokrazia eta burujabetzaren ikurrak astintzeko.

Iruñean antolatuko duen 2023ko Aberri Eguna aurkeztu du EH Bilduk. (EH BILDU)

Unai Urruzuno eta Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileek apirilaren 9an Iruñean ospatuko den Aberri Egunerako egitaraua aurkeztu dute astelehen honetan eta Euskal Herriko ezkertiar, independentista, euskaltzale eta feminista guztiei gonbidapena luzatu diete.

Iaz duela 500 urte Amaiurren geratutakoa gogoratu zuen EH Bilduk Aberri Egunean, «oraindik ere bizirik dagoen herria badagoela» aldarrikatzeko. Aurtengoan, ‘Maite dugun herria’ lelopean, demokrazia eta burujabetzaren ikurrak astindu nahi ditu koalizio subiranistak.

Urruzunok krisi anizkoitzen agertokian bizi garela gogoratu du, eta agertoki globala horren aurrean «ezinbestekotzat» jo du «herri honen erabaki ahalmena erdigunean jartzea eta amesten dugun euskal errepublika erdietsi bitartean herri honen burujabetza politiko eta materialaren aldeko borrokak ezartzea».

Bidea «oztopoz» beteta dagoela aitortu du baina, era berean, Euskal Herriak «historikoki gauza handiak» egin dituela azpimarratu du, «kultura arloan, euskara arloan, ekologian, herri honen ehun produktiboaren inguruan...».

«Frustrazioari aurre egiteko gai den eta herri hau maite duen komunitate bat dugu. Horren islada izatea nahi dugu aurtengo Aberri Eguna, konpromiso eta anbizio kolektiboaren erakusleihoa.

Horrenbestez, «borroka, aldarrikapena eta festa» uztartuko dituen Aberri Eguna antolatu du EH Bilduk apirilaren 9rako. Golem zinemetatik abiatuko da manifestazioa, eta ondoren «jai erraldoia» bilakatuko da Nafarroako hiriburua.

Bagira, Itsasun

Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak, abenduan Bagira prozesua aurkeztu zuenak, Itsasun ospatuko du aurtengo Aberri Eguna apirilaren 8 eta 9an. Jaia berezia izango da, izan ere aurten 60 urte beteko dira mugimendu abertzale modernoaren mugarritzat hartzen den Itsasuko Adierazpena ezagutzera eman zenetik.

«1963ko lehen Aberri Egunak borroka abertzalea errotu zuen Ipar Euskal Herrian, eta ondotik, egitura anitzen sortzea ahalbidetu zuen hainbat sektoretan, milaka militante heziz, bakoitzak bere gisara, gaurko Euskal Herria osatzen lagundu dutenak», adierazi dute Bagira prozesuan parte hartzen dutenek ohar batean.

Azpimarratu dutenez, «prozesu horren helburua Ipar Euskal Herrian abertzaletasuna berriz sortzea da, Mugimendu izaera berriz har dezan, indartzeko, eta gaur egungo desafioei erantzunez, 60 urte gehiagoz proiektatzeko oinarriak finkatzeko».

Aberri Egunari dagokionez, «hitzordu herrikoia, besta-girokoa eta aldarrikatzailea» izango dela ohartarazi dute: «Asteburuan, mugimendua hobeki ezagutzeko, informatzeko eta dinamikak partekatzeko aukera izanen da: erakusketa, mahai eta hitzaldien inguruan, larunbat goizetik haste. Igandean, besta eta aldarrikapen manifestazio handia iraganen da, Itsasuko herriko plazatik oroitarrira».

«Bi egunetan haurrentzako txoko bat izanen da. Herri bazkari handiak proposatuak izanen dira. 2023ko ospakizun hau kontzertu batekin bukatuko dugu: Xiberoots, Liher, Kuartz, Ramoneurs de menhirs eta Dupla taldeak ariko dira. Egitarau zehatza ondotik jakinaraziko da, sorpresa gehiago ekarriz», gaineratu dute.