INFO

4.600 eskaera baino gehiago jaso ditu jada Lakuak seme-alabentzako diru-laguntzak eskuratzeko

Nerea Melgosa sailburuak azaldu duenez, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 4.635 eskaera jaso ditu lehenengo orduetan seme-alabak hazi eta mantentzeko hileko diru-laguntza berria eskuratzeko. Lehen ordainketak apirilean egingo dira.

Haurrak kalean jolasten, artxiboko irudian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Seme-alabak hazi eta mantentzeko hileko prestazio berrien eskaerak jarri ditu abian Lakuako Gobernuak asteazken honetan. 14.30ak arte, 4.635 eskaera jaso dira, bai bide telematikoen bidez, bai toki fisikoetan betetako inprimakien bidez, hala nola Zuzenean egoitzetan, eta dagoeneko sisteman sartuta daude.

Halaxe iragarri du goizean Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Familien eta Haurren Zuzendaritzako taldearekin bildu ondoren. Izan ere zuzendaritza horrek kudeatzen ditu eta erantzuten ditu laguntza berrien eskaerak. Sailburuak azaldu duenez, lanean ari dira «apirilean lehenengo ordainketak egiteko».

Melgosak azpimarratu duenez, neurri horren bidez «familiek 7.200 euro jasoko dituzte zuzenean seme-alaba bakoitzeko eta beste 4.800 euro hirugarren eta hurrengo seme-alaba bakoitzeko» eta, beraz, prestazioa 12.000 eurora irits daitekeela ohartarazi du. «Kenkari fiskalei eta beste laguntza eta ekimen batzuei gehituko zaie dirua, hala nola, Haurreskolak doan izatea, gazteak emantzipatzeko laguntzak edo lana eta familia bateratzeko laguntzak», gaineratu du.

Demografiaren erronka

Sailburuak nabarmendu du diru-laguntzak direla demografiaren erronkari aurre egiteko mahai gainean jarri den neurrietako bat. Azken urteotan, Eustaten datuek erakusten dute EAEko jaiotza tasak Europako batez bestekoaren oso azpitik daudela, eta etengabe jaisten ari direla. Gainera, soziologia prospekzioen arabera, herritarrek nahi baino seme-alaba gutxiago dituzte, eta, Lakuaren ustez, arrazoi nagusia arrazoi ekonomikoak dira.

«Euskadin, aurre egin nahi diogu jaiotza tasa jaisteari, berandu emantzipatzeari eta amatasun adina atzeratzeari. Helburua laguntza sistema iraunkorra sustatzea da, aldeko baldintzen esparrua sortuko duena, bai emantzipaziorako, bai familiek nahi dituzten seme-alabak izan ditzaten, nahi dutenean. Esparru horretan, 110 milioi euro erabiliko ditugu seme-alaba adingabeak dituzten familientzat, eta 65.000 haur baino gehiago izango dira laguntza horien onuradun», esan du.

«Ikusmin handia sortu du»

Joan den otsailaren 20an Gasteizko Gobernuak jakinarazi zuen prestazio berria gaurtik eskatu ahal izango zela eta herritarrekin zuzenean harremanetan jartzeko bi bide jarri zituen. Telefono zenbaki bat (945 062 040) eta helbide elektroniko bat (umeak@euskadi.eus). Melgosak berak azaldu duenez, atzo arte jasotako kontsultek frogatzen dute jaiotza tasa bultzatzeko neurri berri horrek «ikusmin handia piztu duela». Guztira, 1.619 dei eta 752 mezu elektroniko jaso eta erantzun dira.

Laguntza berri horren bidez, hilean 200 euro ordainduko zaizkie familiei, adingabearen jaiotzatik hiru urte bete arte. Zenbateko hori 100 eurokoa izango da hilean, hirugarren seme-alabek edo ondorengoek (familia ugariek) 7 urte bete arte.

Hileko laguntza berriak telematikoki eskatu ahal izango dira, horretarako, beharrezkoa izango da identifikatzeko bitarteko bat izatea, bide honen bidez laguntza eskatzeko; edo aurrez aurre, Zuzenean bulegoaren ordezkaritzen bidez edo udalen bidez.

Melgosak lasaitasun mezua helarazi die herritarrei: «Kobratzeko eskubidea duten familia guztiek jasoko dute beren laguntza eta, kasu guztietan, atzeraeragina izango du».

Ildo horretatik, gogoratu behar da zenbait hilabeteko epea jarri dela, urrira arte, laguntzak eskatzeko. Horrela, adin txikikoak beren kargura dituzten eta adin baldintzak betetzen dituzten euskal familiek aurtengo urtarrileko eta otsaileko dagokien zatia eskatu ahalko dute.