INFO

Bilbobuseko autobusak kargatzeko Metroaren azpiegitura elektrikoa baliatuko dute

Bilbobuseko autobus elektriko berriek Metro Bilbaok kontratatuta daukan azpiegitura elektrikoaren potentzia erabiliko dute. Medusa sozietateak sortutako proiektua da, udan abian jarriko dutena.

Asteazken honetan aurkeztu dute Medusa sozietatearen proiektu berria. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Bilbobusek 8 autobus elektriko berri izango ditu aurten eta horiek kargatzeko sistema berritzailea asmatu du Medusa sozietateak. Metro Bilbaok lehendik dituen azpiegitura elektrikoek kontratatutako potentzia erabiliko dute Bilbobusen autobus elektriko berriak kargatzeko. Horrela, baliabideak optimizatuko dituztela azaldu du Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusia den Iñigo Ansolak. Next Generation funtsaren bidez finantzatuko da proiektua, neurri handi batean. Egitasmoak eskatzen dituen 600.000 euroetatik 140.000 diru-laguntzarenak dira.

Energiaren Euskal Erakundeak, Repsolek eta Ase Taldeak sortu dute Medusa sozietatea, eta proiektua kudeatzeaz arduratuko da. Uztailean abiatzea espero dute, Ansolak aurreratu duenez, eta besteak beste, energian egiten den gastua murriztea eragingo du. Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoko zuzendari gerenteak azpimarratu du «elkarlan publiko pribatuaren» emaitza dela eta Bilboko Udalari ere eskertu dio emandako babesa.

Nora Abete Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotziak azaldu du funtzionamendu berria mugikortasunaren deskarbonizazio estrategiaren baitan ulertu behar dela. Izan ere, Ansolak emandako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan berotegi efektua sortzen duten gasen %34 garraioaren sektoreak isurtzen ditu. Gaineratu du energia gehien kontsumitzen duen sektorea ere badela, %43, hain zuzen ere.

Hori dela eta, proiektuak energia hornidurarekin zuten arazoa konponduko duela baieztatu du Luis Garcia Panizo Alsako Estatuaren Iparralderako zuzendariak. Arruabarrenak azaldu duenez, Metro Bilbaoren zein Bilbobusen kotxe-tokien kokapenek erraztu egin dute proiektua aurrera ateratzea; «Elorrietako kotxe tokia eta Lutxanako azpiegitura elektrikoa oso gertu daude», 560 metrora hain zuzen ere, Enrique Monasterio EEEko Garapen eta Berrikuntza zuzendari eta Medusako kontseilariak zehaztu duenez.

Arruabarrenak adierazi du metroa gutxiago erabiltzen diren uneek eta autobusak geldirik dauden orduek bat egiten dutela eta horri esker soberakina baliatzea posible da. Monasteriok azaldu du autobusak kargatzeko 5 eta 6 ordu bitartean behar izateak eta denak batera kargatu behar izateak erronka handia suposatzen duela. Hala ere, 8 autobus berriak baino ez dituztenez bertan kargatuko, baieztatu du ez dela arazorik izango. Une honetan Bilbobusek dauzkan autobus elektrikoak ohiko sarearen bidez hornituko dituzte.

Aitzindaria eta esportagarria

Aurkezpenean gehien errepikatu duten hitzetako bat izan da «berritzailea». Izan ere, azaldu dute aurrekaririk gabeko proiektua dela. «Lehen aldia da garraio enpresa batek beste bat hornitzen duena», azpimarratu du Ansolak. Izan ere, Arruabarrenak azaldu du erabiltzen ez duten potentziagatik beherapena egiten diotela Metro Bilbaori energia ordaintzerakoan. Orain, ordea, Bilbobusek erabili eta ordainduko du soberakina.

Luis Garciak proiektua hedatzeko modukoa dela adierazi du, beste hiri batzuk ere helburu bera lortzeko bidean lanean ari baitira. Ansolak onartu du proiektua esportatzeko proposamenak aztertzen ari direla, oraindik informazio zehatza emateko moduan ez badaude ere.