INFO

Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa deitu dute Iruñean maiatzaren 13rako

Etxebizitza izateko eskubidearen aldeko manifestazioa deitu dute hainbat eragile sozialek Iruñean datorren maiatzaren 13rako. Salatzen dutenez, nafarren %10ak ezin du alokairua ordaindu azken urteotan prezioa garestitu baita, beraz, konpontzeko «borondate politikoa» eskatzen dute.

Markel Jimenez, Haritu sindikatukoa, eta Beatriz Villahizan, SOS Arrazakeriakoa, asteazken honetan eskainitako prentsaurrekoan, gainerako kolektibo eta erakundeetako ordezkariekin batera. (Europa Press)

Hainbat gizarte talde eta entitatek manifestazioa deitu dute maiatzaren 13rako Iruñean, «etxebizitza duina izateko eskubidea» aldarrikatzeko eta eskubide hori bihurtu den «negozioa» salatzeko.

Haritu, Jaki Toki, Paris 365, Martes al Sol, Haziak, Nafarroako Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Sarea, Gaz Kalo Nafarroako Ijito Elkarteen Federazioa, Lantxotegi, Karabana Mugak Zabalduz, Hipotekak Kaltetutakoen Plataformak (PAH) eta SOS Arrazakeria Nafarroa dira mobilizazioa deitu dutenak.

Markel Jimenez eta Beatriz Villahizan kolektibootako bozeramaileek asteazken honetan emandako prentsaurreko batean adierazi dutenez, urtebete daramate biltzen, «erakundeek adabakiak baino jartzen ez dizkioten arazo estruktural hau konpontzeko». «Ez dugu diskriminatzen eta baztertzen duen merkatua elikatzen jarraitu nahi. Iruñerriko bizilagun askok bizi duten egoera salatzen dugu», gaineratu dute.

Biek salatu dute egoera duela 10 urtekoa baino okerragoa dela, «alokairuen prezioa garestitu egin delako, soldaten igoera ez proportzionalaren aurrean». «Oinarrizko ondasunak eta hornidurak ere igo dira, eta horrek dirua zertan gastatzen den aukeratu beharra dakar, eta bizi-proiektuak prekarizatzen ditu horrek».

Manifestazioaren deitzaileek datuak eman dituzte: «Nafarren %10ak ezin du alokairua ordaindu edo etxea tenperatura onean izan eta %20ak ezin dio ustekabeko gastuei aurre egin».

«Gutxieneko borondate politikoa»

Egoera hori konpontzeko, «etxebizitza bermatzeko, alokairuari muga jartzeko, etxebizitza publikoaren parkea handitzeko eta bizi-baldintzak bermatzeko gutxieneko borondate politikoa» eskatzen dute, «etxebizitza pertsona guztiek ordaintzeko moduko gastua izan beharko lukeelako».

«Etxebizitza falta dago, eta eskuragarri dagoena eskuratzea zaila da. Azken 10 urteetan alokairuak %40 igo dira, orain jende askok eskuratzeko gaitasunik ez duen pribilegio bat dira», deitoratu dute.

Maiatzaren 13ko manifestazioaz gain, kolektibo hauek bilerak antolatu dituzte Iruñeko auzoetan, egoera aztertzeko eta prekarietatea iraultzeko proposamenak entzuteko. Lehenengoa martxoaren 9an izango da, Mendillorriko zentro komunitarioan, 18.30ean.