INFO

Eskultura bat San Mamesen eta atezainen omenaldia, Iribarrentzako «opariak»

80 urte egin ditu Athleticen mitoak eta Lezaman ospatu du urtebetetzea jokalari zuri-gorriekin. Sadarren emaitza on bat lortzea eskatu die Iribarrek eta Jon Maiak ere bertso hunkigarri bat eskaini dio sare sozialetan.

Iribar, Athleticeko jokalariekin urtebetetzea ospatzen. (@AthleticClub)

Luzea da Jose Angel Iribarren itzala eta miresmena sortzen du herri hontako esparru guztietan. Athleticen ikur nagusienetako bat izaten jarraitzen du atezain mitikoak eta Bilboko Udalak, kubarekin adostuta, «opari» bezala eskultura bat eraikitzea bultzatuko duela San Mamesen jakinarazi du.

80 urteak ospatzeko Athleticek ere omenaldi bezala Lehen eta Bigarren Mailako taldeei omenaldi bezala beltzez jokatzea proposatu die. Klub zuri-gorriarekin hitzarmena sinatuta duten taldeei ere proposamen berbera egin zien.

Reala izan da ekimena onartzen lehenengotarikoa. Talde txuri-urdinak Alex Remirok beltzez jantzita jokatuko duela Cadizen aurkako ostiraleko partida jakinarazi du. Atezain nafarra, Lezaman hezitakoa da eta Iribar ezagutzen du.

Geure mugetatik kanpo ere ospetsua da eta Lehen Mailako taldeak diren Cadizek, Getafek, Sevillak eta Valentziak ere proposamena babestuko dute. Athleticen ibilitako Iago Herrerin dago Valentzian bigarren atezain bezala. Bigarren Mailan ari diren Eibar, Alaves, Zaragoza, Ponferradina, Granada, Racing edo Leganes bezalako taldeek ere jardunaldi honetan omenaldia egingo diotela agindu dute.

Iribar Lezamatik igarotzen da egunero eta lehen taldeko jokalari eta teknikariekin ospatu du urtebetetzea. Opari bezala, Sadarren emaitza on bat lortzea eskatu die futbolari zuri-gorriei.

Sare sozialetan ere hainbat izan dira jasotako zorion mezuak. Horien artean, Jon Maiak eskainitako bertsoa nabarmendu daiteke.